Buscar
Bizkaia

Lurraldeko lehen sektoreko lana eta produktuak goraipatuko ditu Bizkaiak

Lurraldeko lehen sektoreko lana eta produktuak goraipatuko ditu Bizkaiak.
Lurraldeko lehen sektoreko lana eta produktuak goraipatuko ditu Bizkaiak.

Lurraldeko lehen sektoreko lana goraipatzeko eta sustatzeko kanpaina berri bat jarriko du martxan Bizkaiko Foru Aldundiak, koronabirusaren pandemiak eragindako kalteak gutxitzeko eta etorkizunari begira hazten hasteko.

Gaur, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatu Amaia Antxustegik aurkeztu du kanpaina. Bizkaiko bederatzi udalerritan egingo da, eta nekazaritza-azoka nagusietan ere izango da. Helburua hona hau izango da: herritarrak ohartzea zein garrantzitsua den baserritarren lana jarduera ekonomikorako eta enplegurako, naturaguneak jagoteko, lurraldearen oreka mantentzeko, eta, jakina, hemen bertan kalitate handiko janari osasuntsuak ekoizteko.

"Bizkaiko nekazaritzako ustiategiak familiarrak dira. Txikiak dira, baina lurraldean gogor sustraituta daude. Gainera, ustiategiok oso garrantzitsuak dira jarduera ekonomikorako eta enplegurako, naturaguneak jagoteko, lurraldearen kohesioa eta oreka mantentzeko, eta, jakina, hemen bertan janariak ekoizteko. Gure baserritarrek aberastasuna eta enplegua sortzen dituzte gure lurraldean. Gure naturaguneak jagoten dituzten eragile aktiboak dira. kalitate handiko janari osasuntsuak lantzen dituzte, eta horrela osasuna jagoten laguntzen digute. Horregatik guztiagatik, baserritarrak nahitaezkoak dira Bizkaiaren iraunkortasunerako", esan du Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak bere aurkezpenean.

Kanpaina honetan ‘street marketing’ deritzona, komunikabideak eta publizitate-hesiak erabiliko dira. "Horretarako, street marketinera jo dugu, eta baserri-giroko elementuak ipini ditugu Gran Vian, normalean ikusten ez diren toki batean, hemendik pasatzen dira herritarrak harritzeko. Izan ere, elementuok erraz ikustekoak dira, handiak ere handiak dira eta", esan du Amaia Antxustegik.

Gaurtik abendura arte azenario, brokoli eta abere erraldoi hauek Bizkaiko bederatzi udalerritan zehar ibiliko dira: Bilbo, Barakaldo, Getxo, Zornotza, Durango, Bermeo, Lekeitio, Igorre eta Zalla.

Gainera, kanpaina hau urte amaiera arteko nekazaritza-azoka nagusietan ere izango da: Gernikako Azken Astelehenean, Zamudiokoan, Orozkokoan, Leioakoan eta Santo Tomas egunekoan. Bilboko Areatzan asteburuetan egiten diren Gure Lurreko Merkatuetan ere egongo da.

"Lortu nahi dugu kanpainako elementuak ikusten dituztenak gelditu daitezela, eta pentsatu dezatela nolako beharlekuak eta nekeak hartzen dituzten gure janaria ekoizten duten nekazariek eta abeltzainek", adierazi du Antxustegik. Ondoren lehen sektoreari laguntzeko aldarria egin du: "Pandemian, janari-banaketako sarea behea jota zegoenean, baserritarrek gogotsu egin zuten lan herritarren alde. Orain denok egin behar dugu haien alde. Egiten duten lana eta hartzen dituzten nekeak aintzatetsi behar ditugu. Aldi zail honetan lagundu behar diegu. Hori behintzat zor diegu, eta, gainera, ona da Bizkaiarentzat", esan du amaitzeko.

Plana

Bizkaiko Foru Aldundiak lehen sektoreko azpi-sektoreetako ordezkariekin hitz egin ondoren prestatu du plan hau. Bertan pandemiak eta Ukrainako gerrak eragindako krisiaren ondorioak eteteko berehala ezarriko diren 10 neurri daude; diru-zuzkidura 1.995.000 eurokoa da. Gainera, lan-batzorde batzuk sortuko dira. Aurtengo urritik 2024ko apirilera bitartean batzorde horietan epe ertainean eta luzean egiturazko gaiei aurre egiteko hartuko diren neurriak aztertuko dira; hona gai horietako batzuk: laguntza-planaren berrikuspena; abeltzaintza estentsiboaren eremuko erronkak; lurzoruaren funtsa; belaunaldi-erreleboa; nekazaritzari, digitalizazioari edo neurri fiskalei buruzko araudiak.

Epe laburreko neurrien artean nabarmentzekoa da, zenbatekoagatik, laguntza zuzenen lerro bat, 1.350.000 eurokoa, urrian onartuko dena. Lerro horren helburua lehengaien prezioen igoeraren ondorioz ustiategietan galdu den errentagarritasuna arintzea izango da.

Halaber, aurreikusita dago zenbait azpi-sektore berregituratzeko eta modernizatzeko planak prestatzea, salmenta zuzena sustatzea azoketako erakustokien irudia berrituz, ekoizleek salmentako tiketa igorri ahal izateko elementuak erostea, eta merkatuen berri emateko sustapen-lanak egitea.

2022-10-12T13:44:03+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo