Polideportivo

Luxuzko parte-hartzea Ordiziako igerilekuan

Antolatzaileak eta erakundetako ordezkariak, atzo Donostian. Argazkia: N.G.

donostia – Jessica Vall, Lidón Muñoz eta Hugo González izango dira aurten Ordizian jokatuko den Gabonetako Nazioarteko Txapelketaren 39. edizioan garaipena lor-tzeko hautagai nagusietako hiru.

Egoitza Ordizia eta Donostia artean txandakatzen duen urteroko ekitaldi horretan parte hartuko duten igerilari aipagarri batzuen izenak jakinarazi zituzten atzo antolatzaileek, eta oraingo honetan, Espainiako zazpi txapeldun bilduko dituzte 25 metroko Majori igerilekuan.

Europako Igeriketa Ligaren baitan, oso sasoiko dabilen Hugo Gonzalez mallorcarra bertan izango da. Aurten Europako hiru txapel jan-tzi ditu 200 estilotan, eta bizkarka 100 eta 50 metroetan; Mallorcako Palman azaroan jokatutako estatuko txapelketa ere irabazi berri du. Itxura batean, dakarren mailari eutsiz gero ez luke aurkari handirik izan behar, eta 2020an lortutako titulua defendatzen saiatuko da, arerio nagusienak Alberto Lozano, Nacho Campos eta Mateo Milli italiarra izango dituelarik. Tokioko Olinpiar Jokoetan, Gonzalez seigarren izan zen bizkar-igeriketako 100 metrotan eta hamaikagarren 200 estilotan.

Aurreko edizioetan torneoa irabazi duten Jessica Vall kataluniarrak eta Castelloko Lidón Muñozek, aukerak izango dituzten Frantsesa Fangio eta Anna Pirovano italiarrak eta Simona Kubova txekiarra izango dituzte aurkari nagusi. Kontuan izatekoa da, FINA taula aplikatuz markatutako denboren arabera erabakitzen dela garaipena, zein diziplinatan lor-tzen direnaren gora beheran.

Tokioko Jokoetan, Vallek braza estiloan parte hartu zuen 100 eta 200 metroetan.

Aurreko urteetan eskainitako erakustaldiak gogoan izanda, emakumeetan Lidón Muñoz izango litzateke faborito nagusia. 2017ko eta 2019ko edizioetan nagusi izan zen, eta aurreko hilabeteko estatuko igerileku motzeko txapelketan zazpi domina irabazita etorriko da Castellokoa, lau banakako kategorietan eta hiru taldeka.

Muñoz 50 eta 100 metro libreetan lehiatu zen aurreko Olinpiar Jokoetan.

Horiez gain, igeriketa egokituko probetan, Tokioko Joko Paralinpikoetan parte hartutako Nahia Zudaire eta Iñigo Llopis ere izango dira Ordizian.

Jessica Vallek eta Lidón Muñozek bi aldiz irabazi dute Gabonetako Nazioarteko Txapelketa, eta González iaz nagusitu zen

18/12/2021