Gipuzkoa

Madalen jaietako egitaraua prest Errenterian

Udal taldeetako ordezkariak, Aizpea Otaegi alkatearekin, atzoko aurkezpenean. | ARGAZKIA: N.G.

Errenteriako Udaleko talde guztietako ordezkariek astearte honetan uztailaren 21etik 25era ospatuko diren madalen jaien egitaraua aurkeztu zuten. Musikak aparteko garrantzia izango du, eskaintza zabala prestatu baita arlo honetan.

Herritarrak irrikaz daude programazioaren xehetasunak ezagutzeko. Hortaz, gaurtik aurrera eskuratu ahal izango dira bai egitaraua eta baita poltsikorako bertsioa ere. Ostirala arte egingo dute banaketa 10.00etatik 13.00etara udaletxeko arkupeetan.

Baina Herriko Enparantza ez da izango programa jasotzeko leku bakarra: Lekuona Fabrika; Galtzaraborda, Fanderia eta Beraungo kirol instalazioetan eta gainontzeko udal eraikinetan ere izango dira eskuragarri. Herriko auzo elkarteei ere eskaini dizkiete egitarauak eurek bana ditzaten. Horrez gain, Oarso aldizkariarekin ere banatuko dute. Guztira, 9.400 ale argitaratu dituzte paperean.

Digitalean, berriz, herribizia.errenteria.eus/madalenak helbidean dago egitarau osoa.

Gaurko agerraldian, Aizpea Otaegik, alkateak, nabarmendu zuenez, “jairik gabeko bi urte igaro ondoren, aurtengoak desio eta irrika bikoitzarekin hartuko ditugu”. Hala ere, covid-19 gabeko jaiak ez direla izango gogorazi zuen.

Alkatearen hitzetan, Madalen jaiak komunitatea birsortzeko ezinbesteko hitzordua dira: “Herri honekin eta elkarrekiko dugun konpromisoa berritzeko egunak dira”.

Era berean, madalenak hiru baliorekin hertsiki lotuta daudela azpimarratu zuen: “Alde batetik partaidetza, herriko pertsona eta eragileen inplikaziorik gabe ez dagoelako horrelako programazio anitza eta askotarikoa osatzerik. Bestetik, konpromisoa, herri hau konpromisoaren gainean eraikia baitago. Madalen jai hauetan omenduko ditugun Ekintza BIBE eta Arrats elkartea konpromiso horren adibide garbia dira. Gure jendarteko pertsona eta kolektibo zaurgarrienen alde, sarri ikusezin zaizkigunon alde, finean, herri honen kohesioaren alde, egiten duten lanari aitor-tza kolektiboa da izango duten omenaldia”. Azkenik, hirugarren balioa zaintza dela aditzera eman zuen eta honen inguruan sortu duten kanpaina aurkeztu dute asteartean.

Bere aldetik, Maite Gartziak, Kultura zinegotziak, Jai Batzordearen lana goraipatu zuen: “Elkarte ugari aritu da aurten ere lanean adin guztietarako egitarau zabal eta anitza prestatzen, ardura Udalarekin elkarbanatuz”. Musika egitaraua nabarmendu zuen, baita txupinazoa bizi-tzeko modu ezberdinak ere.

13/07/2022