Actualidad

“Madrilekoa izan arren, euskara nirea ere izango dela pentsatzea gustoko dut”

Bilboko eta Madrileko gazteak dira Mayte eta Marta, baina ezaugarri berdinak batzen ditu: euskaraz (ber)ikasteko grinak
Maytek erabaki du modu kontzientean hizkuntzara (ber) gerturatzea.

Mayte Santos Albardia eta Marta Diez-Heppe. Biek (ber) ikasi dute euskara hogei urtetik gora dutenetik. Biak dira euskaldunberriak. Bata Bilbokoa, eta bestea berriz, Madrilekoa. Baina biek erabaki dute modu kontzientean hizkuntzara (ber) gerturatzea. A ereduan ikasi zuen Marta Diez-Heppek, Indautxuko Jesuitas ikastetxean. Hala ere, urteak igaro ahala ikasitako euskara apurra ahaztu zuen, erabilera ezak eta ikasketa maila baxuak bultzatuta.

Ia hamar urte geroago kontzienteki euskararen ikasketari berriro heltzea erabaki zuen. Zergatik? “Nire hizkuntza den euskara ez jakiteak amorrua ematen zidalako”, dio bilbotarrak.

Egun, familien %2ak besterik ez du A eredua hautatzen umeen ikasketetan. Martak azaltzen duenez, bere gurasoek euskaraz ikastea nahi izan zuten arren, “ez zegoen plazarik, eta eredu honetan ikasi behar izan nuen”, bere anaiaren kasuan ez bezala. Euskarazko ikasketa eredua gailentzen da urtero Euskadin, ikasleen %83,1 baitago eredu honetan. Hala ere, anitzak dira azken urteotan adituek emandako abisuak; derrigorrezko ikasketa mailak bukatzean ikasleen euskara maila oso baxua baita, nahiz eta ikasgai guztiak hizkuntza honetan ikasi.

Helburua, EGA

Gauzak horrela, etorkizunari begira ere hizkuntzari heltzeko apustua egin zuen orain dela hiru urte Diez-Heppek. Euskaltegira apuntatu eta B2 mailara heltzea lortu du lanbidez psikologoa den bilbotarrak jada. Baina ez du hemen utzi nahi: “Helburua EGA lortzea izango da hurrengo urteetan” dio Martak. Gainera, etorkizunean, familia izaten duenean seme alabei euskaraz egitea gustatuko litzaiokeela dio.

Mayte Santos Albardia berriz, jaiotzez Madrilekoa da, baina onartzen duenez, Euskal Herriak beti piztu dio kuriositatea, “betidanik gustatu izan zait”. Unibertsitatean ikasten zegoenean Seneca beka Euskadin eskatu bazuen ere, ez zuen lortu, eta Erromara joan zen Erasmusa egitera.

Baina, kasualitatez, logelako kidea Bilbokoa zen, eta Mayteri lagunaren kulturari buruz gehiago jakitea gustatzen zitzaiola azpimarratzen du. “Asko emozionatu ninduen nire lagunaren poza ikusteak familiak bidalitako Korrikako peto bat jaso zuenean”.

Urteak igaro eta Brasilera joan zen bizitzera zazpi urtez. Baina bueltan, Euskal Herrian bizitzeko grina mantentzen zuen, eta EHUn doktorego bat egiteko beka lortu zuen orain dela hiru urte madrildarrak. Momentu horretan euskara ikastea erabakiz: “hizkuntzaren bitartez kulturan integratzeko aukera izan nuen”.

Hala ere, euskal kultura hizkuntzaren bidez gehiago ulertzeko jakin-minak bultzatu zuela azpimarratzen du Maytek. “Uste baitut hizkuntzaren bitartez herri bat ezagutu daitekeela. Eta komunikatu ahal izateko ere badakit erdaraz bizi daitekeela baina jendea ulertzeko gai izan nahi nuen. Eta nire bizitza eraikitzea erabakitzen ari nintzen leku honetako parte nintzela sentitu nahi nuen gainera”.

Apurka apurka

A0 mailan hasi zen, AEKn, eta hasieran ikasketa prozesua “oso zaila” izan zela aitortzen du Maytek, ez zuelako hitzik ulertzen. Baina apurka apurka eta irakasleen laguntzaz “kaixo” eta “zer moduz” hitzetatik irtetzea lortu zuen.

Bigarren urtean “klik bat” nabaritu zuela dio, eta beste pertsonen elkarrikeztak ulertzen hasi zen. Eta prozesu horretan aurrera egin ahala, tituluak lortzeko helburua jarri dio bere buruari; “euskaraz bizi nahi dut hemen”.

Lagunekin euskaraz egiten duela dio, batez ere unibertsitatean. Eta, horrez gain, “tabernetan edota administrazio publikoetan elkarrizketa euskaraz hasten saiatzen naiz”.

Elkarrizketetan parte hartu, integratu... “eta euskaraz bizi den jendearen bizitza ohoratzea da niretzat euskaraz egitea, jende asko dago hizkuntzaren biziraupenaren alde borrokatzen, eta nik ere horren parte izan nahi dut”, dio madrildarrak. “Zure hizkuntzan zaude hitz egiten, eta nik ere egin nahi dut, momentu batean nirea ere izango dela pentsatzea gustatzen zait”. Bere burua euskaldunberri bezala inoiz ez duela identifikatu onartzen duen arren, “egia da banaizela”. Beraz, “poliki poliki baino C1 lortu nahi dut, bai”.

04/12/2023