Buscar
Cultura

Magia eta teknologia bateratuko dira Gasteizen

Otsailetik maiatzera bitartean Euskadiko Orkestrak bi ekoizpen estreinatuko ditu Gasteizen, Musika Familian formatuan
Aurkezpenaren irudia
Aurkezpenaren irudia

Magia eta teknologia Euskadiko Orkestraren kontzertu berrietan. Musika Gela hezkuntza-zikloaren barruan, otsailetik maiatzera bitartean Euskadiko Orkestrak bi ekoizpen estreinatuko ditu Gasteizen, Musika Familian formatuan: Principal Antzokian Ondinaren magia izango da hilaren 26an, eta Elkarrekin Sortu maiatzaren 7an.

Hala, Gasteizko Udaletik gaur iragarri dutenez, Ondinaren magia, hiru eta sei urte bitarteko haurrei zuzenduta egongo da, urrian orkestraren egoitzan estreinatu zen dozena bat Eskola Kontzertutan, eta orain Gasteizen familiei irekiko zaie bi kontzerturekin otsailaren 26an (17:00 eta 18:30) Garcia Lorca Antzokian. "Kontzertu-ikuskizun honek musika eta magia uztartzen ditu maitagarrien eta ondinen (uretako ninfak greziar mitologian) abenturen kontakizun original baten bidez", azaldu dute Udaletik programazio honen aurkezpenean.

Bestalde, Elkarrekin sortu, sei eta hamabi urte bitarteko haurrei zuzenduta dago, produkzio propioa da, eta Gasteizen maiatzaren 7an eskainiko da (18:00) Principal Antzokian. Adin guztietarako kontzertu berritzailea izango da.

“Estrategikoa eta ezinbestekoa da etorkizuneko audientziak sortzeko eta musika klasikoarekin lotuta txikienak sentsibilizatzeko lanean jarraitzea. Udal Antzoki Sareak negu eta udaberri guztietan Principal Antzokian antolatzen duen ‘Musika Familian’ programaren helburua, zalantzarik gabe, horixe bera da”, adierazi eta baloratu du Hezkuntza eta Kultura arloko zinegotziak, Estibaliz Cantok gaur egindako aurkezpenean.

2023-02-15T14:39:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo