Gipuzkoa

Magiaren hiriburua bilakatuko da Azpeitia larunbatean

‘Txisteratik Egun Magikoa’ abiatzeko Mario Lopez magoaren emanaldia izango da bihar
Mago bat trikimailuak egiten Azpeitiko Plaza Nagusian , iazko Txisteratik Egun Magikoan. | ARGAZKIA: KULTURAZ

Magia eta ilusionismoa gustoko dutenek ezinbesteko hitzordua dute Kulturaz Kooperatibak asteburu honetarako Azpeitian antolatu duen Txisteratik Egun Magikoa egitasmoaren VI. edizioarekin. Ekitaldi eta ikuskizun gehienak larunbatean egingo badira ere, Mario Lopez magoaren gertuko magia emanaldi batek irekiko du bihar egitaraua (19.00etan Dinamoa sormen gunean).

Jaen hirian 1986an jaioa, Lopez Estatuko mago onenetariko bat da eta bere ikuskizunaz disfrutatu nahi duten guztiek kulturaz.eus web gunean edo Sanagustin kulturgunean eros ditzakete sarrerak (bost eurotan).

Larunbatean, gala nagusia

Magiaren inguruko era askotako emanaldiak izango dira etzi Azpeitian. Nabarmenena Soreasu antzokian (19.00etan) sei magoren partaidetzarekin ospatuko den gala nagusia izango da baina horren aurretik zerekin gozatzeko parada egongo da herrian.

Hasteko, aurreko urteotan arrakastatsua izan den gertuko magia-poteoa izango da Alde Zaharreko kaleetan, 12.30etik aurrera. Beste behin ere, Txisteratik Egun Magikoan parte hartuko duten magoek mota askotako trikimailuak egingo dituzte erdigunera gerturatzen direnen aurrean.

Arratsaldean, berriz, Julen eta Sergio magoen emanaldiak izango dira (17.00etatik 19.00etara) herriko hainbat lekutan. Horien artean Julenek 17.00etan Sanagustinen eskainiko duen Metamorfosis: eraldaketa eta forma aldaketa ikuskizuna nabarmendu daiteke (sarrera doanik da).

Edonola ere, jardunaldia borobiltzeko gala berezia izango da (19.00etan) Soreasun. Bertan Mario Lopez, Txoborro, Tor, Maria Arandia, Iagomago eta Imanol Ituño magoek parte hartuko dute eta bertaratzeko interesatuek dagoeneko eros ditzakete sarrerak Kulturazen webgunean edo Sanagustinen. Prezioa hamar eurokoa da (sei euro hamabi urte artekoentzat).

30/09/2022