Hiru mendi-ibilaldi egingo dira Ataunen. Ataun Kirol Elkarteak antolatuta, maiatzaren 11n izango dira guztiak. Bata luzea izango da, bigarrena tartekoa eta hirugarrena motza. Bi urteren behin antolatzen dira ibilaldi hauek.
“Mendi-ibilaldi hauen helburua naturaz dastatuz, oinezkotasuna bultzatzea da, korrika eta apustu-kutsua baztertuz”, adierazi du Ataun Kirol Elkarteak.
Parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da, www.zirkuitua.com helbidera idatziz. Gainera, ibilbide luze eta tartekoek 10 euro ordaindu behar dituzte. Motzekoek, aldiz, doan parte har dezakete.
48, 21 eta 8 kilometro
Ibilbide luzea, Atauni buelta bezala ezagutzen dena, 48 kilometrokoa da. Parte-hartzaileek 9 eta 11 ordu bitartean behar izaten dituzte ibilbidea guztiz amaitzeko. Goizeko 06.30etan hasiko da eta mendizaleek Arantzazumendi, Atxurbide, Lizarragabea, Aietsu, Areatza, Saratsamendi, Intsusburu, Irumugata, Lizarrusti, Alleko, Agautz, Intsusti, eta Kobaegi baserria igaroko dituzte, besteak beste.
Tarteko ibilbidea, berriz, 21 kilometrokoa da eta parte hartzaileek 5 ordu inguru behar izaten dituzte helmugara iristeko. Astigarraga, herri-bidea, Barandiaran Museoa, San Gregorioko Portugaina, Gaztinarre, Agautz, Intsusti eta Kobaegi baserria, besteak beste, izango dira mendizaleek igaroko dituzten puntuak. Goizeko 08.00etan abiatuko da taldea.
8 kilometrok osatzen dute ibilbide motza. 09.00etan hasiko da eta eskolako umeak bere kasa edota familiarekin batera egiteko pentsatuta dago.
Hiru mendi-ibilaldiak San Martingo Auzoeta kiroldegitik abiatuko dira.