Gipuzkoa

Maiatzeko azken astearekin sartu da Getaria Euskal Astean

Duela urte batzuk ospatu zen Euskal Astean bi haur dantzan. Argazkia: N.G.

getaria – Maiatzeko azken astearekin batera, Euskal Astean murgildu da Getaria. Urtero lez, dantzak eta trikitilariak izango dira protagonista, baina ez da egitekorik faltako astebukaera honetan herrian. Atzo, euskarazko film laburren emanaldiarekin hasi zuten ospakizuna, eta hala igandera arte jarraituko dute egitarauarekin.

Bihar, 9.00etan Gazte Alaiak taldeko txistulariak ibiliko dira kalez kale. Jarraian, musika eskolako trikitilari eta panderojoleek alaituko dituzte herriko kaleak eta nola ez, Gure Txeruk ez du hutsik egingo oraingoan ere. Helduen dantza taldearen emanaldi hau, 19.00etan izango da, Iturzaeta aretoan. Gonbidapenak, Gure Txeru kultur elkartean daude eskuragarri.

Berrikuntza gisa, igandean Ekoizle Txiki eta Jasangarrien San Pruden-tzioko I. azoka egingo da, San Pruden-tzio auzoko plazan. Hemezortzi ekoizlek hartuko dute parte eta askotariko produktuak eskuratzeko aukera izango da. Besteak beste, barazkigileak, artisauak, okinak, arropagileak eta ardogileak osatuko dute egungo egoerara egokitutako azoka. 10.00etatik 14.00etara egingo da, eta tarte horretan, hainbat proiektu aurkeztuko dituzte: 11.30ean Ametsola Etxalde Ekologikoarena, 12.15ean Euskal Lupuluarena eta 13.00etan Biba Ardoakena.

Arratsaldean ospakizunari jarraipena eman nahi dien herritarrek, herrigunera jaitsi beharko dute. Izan ere, Haatik dantza konpainiak, Errimak bi oinetan ikuskizuna ikusteko aukera eskainiko du, dantza berriak eta bertsoak uztartuz. Iturzaeta aretoa izango da eszenatoki, 19.00etatik aurrera. Dena den, sarrerak aldez aurretik eskuratu beharko dira, aforoa mugatua izango baita. Turismo bulegoan jarri dituzte, bost euroan bakoitza.

29/05/2021