Martxoan erakutsi zuen lehen aldiz Mingainatu arte-instalazioa Zaloa Ipiñak (Bilbo, 1986) Bilboko Marzana galerian. Arte Ederretan lizentziatua da Ipiña eta Lan Grafiko Garaikideetan egin zuen masterra gerora Galizian. Arazo sozialen inguruko lanak egiten ditu, eta azken urteetan, hizkuntza gutxituetan zentratutako ekintza artistikoak dira bere obra nagusiak. Hain justu, munduko hizkuntza gutxituen inguruko pieza Gasteizen da iragan azarotik. Hilaren 17ra arte bisitatu ahalko da Zas espazioan. Egileak azaldu duenez, beharrezkoa da hizkuntzen arteko harreman hierarkikoa deseraikitzea eta problematikan inplikatzea, eta Ipiñaren ustez, artea bada beste bide bat hizkuntzen arazora gerturatzeko.
Nondik datorkizu ‘Mingainatu’ sortzeko beharra?
Orain dela lauzpabost urte hasi nintzen ja hizkuntza gutxiagotuei buruzko lanak egiten. Hasieran, ardatz nagusia euskara eta bere egoera eta horren arrazoiak izan ziren. Gerora ikusi dut, nolabait, beste hizkuntza gutxituak ere, modu zabalago batean jorratu nahi nituela. Problematika hau, beraz, gure esparrutik azaldu nahi nuen, azaleratu eta ikusarazi beste ikuspegi batetik, zeinak gizarteari eragiten baitio. Hala, Mingainatu proiektua teoria ekolinguistikoaz mintzo da. Planteamendu teoriko honek bilatzen du hizkuntza eta hizkuntza-talde guztien berdintasunaren eta onarpen soziala. Hau da, alde batera utzi nahi ditu nagusitasun eta gutxitasun linguistikoaren baloratze-hierarkia eta ideologia espansionista.
Aurkezpenean, era berean, esaten duzu kontserbatzea eta kultibatzea aldagaiak planteatzen dituela lan honek, hizkuntzari dagokionez. Zer esan nahi duzu horrekin?
Zer da kontserbatzea eta zer da kultibatzea? Planteamendu horren inguruan asko pentsatu dut nik ere. Lehena, kontserbatzea, izango litzateke esatea eta pentsatzea honelako zerbait: “Bai, begira ze polita. Sartuko dugu bitrina honetan, liburuetan izango dugu gordeta eta denok ikusiko dugu eta ondare bihurtuko dugu”. Hori azkenean folklorizazioa da. Aldiz, kultibatzea izango litzateke, eta horixe da guk eskatzen duguna, normalizazioaren bidean, garapena edo eboluzioa, eta aniztasunaren elkarrekiko garapena. Ez dira gauza bera, eta maiz okertu egiten gara esaten dugunean hizkuntza bat kontserbatu egin behar dela. Ez. Hizkuntzak kultibatu egin behar dira. Hizkuntza erabiltzen badugu, hizkuntza bera garatuz egingo da, gizartearen eboluzioarekin batera.
Nola eraman ekolinguismoa pieza batera baina?
Zailena lan honetan izan zen nola irudikatu ideia hori. Izan ere, normalagoa izaten da halakoak idatziz azaltzea eta ez irudi bidez. Bioaniztasunaren ideiatik eutsi nion azkenean. Adibidez, animalien biziraupenerako, isolamenduak eragin positiboa izan dezake. Aldiz, gure kasuan, edota hizkuntzen kasuan isolatzea ezinezkoa da, interkonektatuta gaudelako. Hori da gaur egun daukagun ikuspegia eta bizitza: munduan interkonektatuta gaude eta ezin gara isolatu. Nik irudikatu nahi nuen, beraz, munduan aniztasuna dagoela, aniztasun kulturala eta baita hizkuntzetan ere. Aniztasun hori mantentzeko eta eboluzioa bermatzeko zerbait egin beharra adierazi nahi nituen. Jendeak bere hizkuntzan bizirauteko ideia, funtsean. Hori azalpenari dagokionez.
Hortaz, pieza handi bat egin dut. Mapa mundi itxurako ontzi bat. Barruan lurra jarri dut. Mapa ez dago jarrita ikasi izan dugun moduan. Ez dauka ikuspegi bakar bat, eta gainera ideia eurozentristatik aldendu nahi nuen. Lurraren gainean, aniztasuna kontzeptua jarri dut munduko hizkuntza ez-hegemonikoetan. Ez-hegemonikoak diot, izan ere, ageri diren hizkuntza batzuk gutxituak dira, hiztun gutxi dituztelako, baina, aitzitik, India eta Nigeria bezalako herrialdeetako hizkuntzetan, esate baterako, hiztun pila bat dituzte, eta hala ere, ez dira hegemonikoak.
Horretarako, denbora luzez egon naiz harremanetan munduko hizkuntza gutxituetako artistekin, aktibistekin, erakundeekin... Gazteleraz eta ingelesez hitz egin dugu gehienetan, eta esan dezakegu konexioa hizkuntza hegemonikoetan egin badugu ere, hizkuntza gutxituei balorea eman diegula.
Mapaz harago, maletak ere jarri dituzu instalazio artistikoan. Zer irudikatzen dute horiek?
Maleten barrualdean agertzen dira mapan erabili ditudan hizkuntzak, eta beste batzuk ere bai, baina bere autoglotonimoan, hau da, hizkuntza bakoitzaren izena hizkuntzan bertan idatzita. Maleta erabili dut askotan pentsatu izan dudalako galdera honen eta bere erantzunen inguruan: Zergatik ikasten duzu ingelesa? Jende askok erantzuten du bidaiatu nahi duela eta kultura berriak ezagutu nahi dituela. Eta ni amorratzen naiz, izan ere, esaten dute bidaiatzean kulturak ezagutu nahi dituztela, baina ikasten ari direna ingelesa da. Ze kultura ikasi edo ezagutuko duzu ez baduzu tokian-tokiko kultura ikasten. Nik beti esaten dut, euskararik ikasten ez duenak gure kulturaren arlo asko galtzen ditu. Ni Galiziara joan nintzenean, ikasketak galizieraz egin nituen, eta galegoa ikasi. Orduan hasi nintzen ulertzen bertako umorea, esaerak, zergatik erabiltzen dituzten hitz batzuk... Hortik dator hizkuntzak eta maletak batzeko ideia. Asko bidaiatzen gara, baina zenbatek jakingo lukete mapan agertzen diren hizkuntzak beren herrialdeetan kokatzen? Bidaiatzen garenean herrialdeari buruz asko dakigu, baina gero ez dugu bertako beste hizkuntzen berri.
Pieza honetarako nolakoa izan da egin duzu dokumentazio-lana?
Nire proiektu guztiak, batez ere hizkuntza gutxituen gaiari heltzen diotenak, irakurtzen hasten dira. Pila bat irakurtzen dut. Hizkuntzalaritzari buruz, batez ere. Orduan, termino batzuk buruan dauzkadanean, saiatzen naiz gure lengoaiarekin adierazten. Azken finean, nik ulertu ditudan problematikak edo arazoak beste modu batera ikusarazten ditut nire lanean.
Oraingoan, Albert Bastardas-Boada soziolinguistikari katalanaren eta Teresa Moure galiziar idazlearen testuak izan dira batez ere abiapuntu. Bi horiei hartu dizkiet ekolinguismoaren inguruko datuak eta proposamen teorikoak. Baina, bestetik, hizkuntzei buruzko testuak ere irakurtzen ditut, euskaraz, adibidez, Kike Amonarrizen azken liburua: Euskararen bidegurutzetik (Elkar, 2019).
Zer da zehazki mingainatzea, beraz?
Albert Bastardas-Boada hizkuntzalariak sortutako terminoa da: llenguar. Mingainatu beraz, euskarara ekarritako ordaina litzateke. Bastardas-Boadaren arabera, ekintzaren eta mugimenduaren ikuspegitik, hizkuntzak sortzearen ekintzari adierazpena ematen dion hitza da. Hau da, etengabe mingainatzen duena da hizkuntza-aniztasunaren sortzaile iraunkorra. Izakiok etengabe erabiltzen eta eraldatzen dugu hizkuntza.
“ ”
Kontua da hizkuntza erromantzeetan, lengua hitzak bi adiera dituela: mihia eta hizkuntza. Euskaratzean, ezin nuen hizkuntza hitzarekin sortu, beraz, mingain hitzarekin egin nuen jolasa-edo. Azkenean, ekintza bat da, eta mingainarekin egiten dugun ekintza denez, halaxe sortu nuen hitza, gerora nire instalazio artistikoari izena emango ziona.
Arte plastikoetan aritzen zara zu. Eta euskaraz sortzen duzu. Adierazpide horretan, ba al du euskarak lekurik edo proiekziorik Euskal Herriaz harago?
Uste dut euskaraz sortzen dugunok euskaraz egiten dugula hori dugulako buruan. Esango nuke, orokorrean, gehiago baloratzen dela ingelesez egiten dena, internazionala delakoan. Baina nik bereizketa egiten dut unibertsalaren eta uniformearen artean. Unibertsalaren barruan denak sartu behar gara, eta beraz, hizkuntza guztiak sartu behar ditugu hor. Zaila dela? Bada, bai. Baina aurreiritzi asko daude era berean hizkuntza gutxituen inguruan. Sinetsi egiten ditugu aurreiritzi horiek, eta horregatik ez dugu sortzen hizkuntza gutxituetan. Arte bisualetan, adibidez, hizkuntza hegemonikoa ingelesa da. Artista gutxik egiten du bere hizkuntza eta bere hizkuntzari buruzko lanik. Izan ere, askoren ustez, hala eginez gero, artearen maila lokalera bakarrik heltzeko aukera dago. Baina, hizkuntzei buruz hitz egitea, mundu mailako arazo bati buruz hitz egitea da. Ez dakit zergatik beste batzuek ez duten hizkuntza gutxituetan sortzen. Gainera, gaur egun, itzulpenak egin daitezke.
“ ”
Bilbon izan zen udaberrian ‘Mingainatu’, eta urtarril erdialdera arte Gasteizen. Aurrerantzean, zer asmo duzu?
Gustatuko litzaidake beste leku batzuetara eramatea, eta badut buruan beste espazioren bat. Gainera, proiektua ez dago bukatuta. Lanean jarraitzen dut ekolinguismoaren kontzeptu horretan. Mugitu nahi nuke, sozialki uste dudalako behar dela arazo honetara beste ikuspegi batetik heltzeko. Bestela soilik hizkuntzalarien arazo bilakatuko delako. Ematen du, gainera, euskara, euskaldunon kasuan, euskaraz hitz egiten dugunon arazoa dela. Baina ez da hala, globala da, eta denok egin behar dugu lan. Horregatik gustatuko litzaidake jendea gerturatzea arazo honetara beste esparru batzuetatik.