Malagako eta Donostiako zinemaldiek eta Euskadiko Filmategiak bat egin dute Jose Luis Borau zuzendari espainiarraren Furtuivos filmaren 50. urteurrena ospatzeko. Zehazki, Malagako 28. Zinema Jaialdiko Urrezko Filma izango da Furtivos, eta, gainera, Donostia Zinemaldiaren hurrengo edizioko Klasikoak saila inauguratuko du.
Filma Video Mercury Films / FlixOlé-k zaharberritutako kopia batekin proiektatuko da, eta Malagako zinema jaialdiak, Espainiako Filmategiak eta Dama erakundeak Caimán Cuadernos de Cine aldizkariarekin eta Donostia Zinemaldiarekin lankidetzan argitaratutako liburu batekin osatuko da omenaldia.
Donostia Zinemalditik jakinarazi dutenez, Furtivos 1975eko irailaren 8an estreinatu zen Madrilgo Amaya zinema aretoan. Jose Luis Borauk zuzendu eta idatzi zuen Manuel Gutiérrez Aragonekin lankidetzan, eta Ovidi Montllor, Lola Gaos eta Alicia Sanchez ditu protagonista.
Angel isileko ehiztariaren istorioa kontatzen du. Basoan bizi da izaera tiraniko eta oldarkorreko bere ama Martinarekin. Hirira egindako bidaia bakanetako batean, Milagros ezagutuko du, erreformatorio batetik ihes egin duen emakume gazte bat, gaizkile ezagun baten maitalea. Angelek Milagros babestu eta etxera eramango du. Martinak, aldiz, ezin du Milagros ikusi, baina Angel erakarri egiten du, eta horrek, pertsonaien arteko harremanen itxura klaustrofobikoarekin batera, drama bat sortuko du.
Agintari frankistek Furtivos erakustea asko baldintzatu zuten, eta, adibidez, Cannesko eta Berlingo zinema jaialdiek ez zuten onartu. Harrera hobea izan zuen Donostian, eta hura izan zen filmaren kritika eta publiko arrakastaren abiapuntu, film onenaren Urrezko Maskorra eta espainolezko film luze onenaren Kantauriko Perla Saria jaso baitzituen. Idazle Zinematografikoen Zirkuluaren sarietan, Zilarrezko Fotogramas saria eta Cartagena de Indiaseko Nazioarteko Zinemaldian ere lortu zituen sariak.
Malagan eta Donostian proiektatuko den 4K formatuko filmaren kopia berria Video Mercury Films banatzaileak egin du, FlixOlé plataformarekin elkarlanean. Zaharberritze prozesurako jatorrizko negatiboa erabili da, 35mm-tan, eta Manuel Gutierrez Aragon zinemagile eta filmaren gidoigileak gainbegiratu du.