Bizkaia

Malaysiako enbaxadoreak Bilboko Udala bisitatu du

Bilboko alkate Juan Mari Aburto eta Akmal Bin Che Mustafa Malaysiako enbaxadorea.

Joan den ostegunean, azaroak 3, Malaysiako enbaxadore Akmal Bin Che Mustafak eta enbaxadako lehen idazkari Muhammad Azfar Abdullah-k Bilbo bisitatu zuten, eta Bilboko alkate Juan Mari Aburtok harrera egin zien udaletxean.

Karrera diplomatikoan 26 urtetik gorako bidea egina duela, Akmal Bin Che Mustafak erantzukizun goreneko postuak bete ditu Malaysiak Txilen, Errumanian eta Filipinetan dituen enbaxadetan. Azkenik, 2019ko azaroaren 1ean, Akmal Bin Che Mustafa enbaxadore karguaz jabetu zen Malaysiak Madrilen duen legazio diplomatikoan, eta bertan, irailaren 15ean, Malaysiako Egun Nazionalean, Europaren eta Asiako herrialde horren arteko enpresa arloko lankidetzan sakontzeko gonbita luzatu zuen.

Kokapen estrategikoagatik, egonkortasun politikoagatik eta hazkunde ekonomikoagatik, Malaysia Asiako hego-ekialdeko herrialderik erakargarrienetakoa bihurtu eta lehentasunezko esku-hartzeko nazioarteko helburuetako bat da Eusko Jaurlaritzaren Enpresak Nazioartekotzeko Planean, ASEAN eremuko herrialdeetan euskal presentzia areagotzeko asmoz.

Malaysia da, hain zuzen ere, duela 55 urte Asia Hego-ekialdeko Nazioen Elkartea (ASEAN, ingelesezko siglen arabera) sortu zuten bost herrialdeetako bat. Egun, ASEANek herrialde hauek biltzen ditu: Birmania, Brunei, Kanputxea, Filipinak, Indonesia, Laos, Malaysia, Singapur, Thailandia eta Vietnam.

Malaysiako Enbaxadore batek Bilboko Udaletxera egindako lehen bisita ofizial honek Bizkaiko hiriburuaren eta Asiako herrialdearen arteko harremanak sendotzen lagundu du. Honen harira gogoratu behar da, 2019ko apirilean, aurreko enbaxadore Zainal Abidin Bakarrek, Basque Trade&Investment Nazioartekotzeko Euskal Agentziak antolatutako “ASEAN Business Forum. Negozio-aukerak Asiako hego-ekialdean” jardunaldian parte hartu zuela.

2013ko azaroan, Malaysiako Lurralde Federaletako Ministrordea eta Kuala Lumpurreko Alkatea buru zituen hirigileen ordezkaritza batek Bilboko Udaletxea bisitatu zuen Itsasadarrareko ingurumena berreskuratzeko prozesua bertatik bertara ezagutzeko asmoz; eta 2014ko abuztuan, Bilbok hiri gonbidatu bezala parte hartu zuen Eastern Regional Organisation for Planning and Human Settlements (EAROPH) erakundeak antolatutako 24. Mundu Biltzarrean. Asia, Pazifiko eta Australiako herrialdetan bizi-kalitatea sustatzea du helburu Malaysian egoitza duen gobernu-elkarte honek.

07/11/2022