Gipuzkoa

Maria Jesus Asurmendik erakusketa ireki du Urretxun

Margolanak hilaren 26a arte egongo dira Juan de Lizarazu aretoan
Maria Jesus Asurmendi, Juan de Lizarazu erakusketa aretoan.

Maria Jesus Asurmendi margolari zumarragarrak Zirrara erakusketa ireki du Urretxuko Juan de Lizarazu aretoan. Lanak hilaren 26a arte egongo dira ikusgai. Urretxuko erakusketa aretoa asteartetik igandera irekitzen da, 17.30etik 20.30era.

Asurmendiri umetatik gustatzen zaio margotzea. “14 urterekin nire kasa hasi nintzen eta 17 bat urterekin Felix Vaquerizaren eskoletara joan nintzen. Ordutik, boladak izan ditut. Utzi eta berriro hasi. Berriro Urretxuko arte eskolara joaten hasi naiz eta erakusketa egitea erabaki dut”.

Osasun arazoak medio, margotzeko modua aldatu du. “Gogoa ez dut inoiz galdu, baina osasun arazoak izan ditut eta ez nintzen lan figuratiboak egiteko gai. Hori dela eta, beste modu batera margotzea erabaki dut. Aitor Etxeberria irakaslearekin hiperrealismoa ez egiten saiatzen nintzen, gauza berriak sartzen, baina oraingoan berrikuntza izan da nire bila etorri dena. Fisikoki eta psikologikoki, askatasuna behar nuen. Lan figuratibo asko egin ditut eta beti lasaigarria izan da niretzat, baina oraingoan beste zerbait behar nuen”.

Askatasuna behar zuen eta lortu du. ”Buruak abstrakziora eraman nau eta lan hauek lantzean askatasuna sentitu dut. Lasaitasuna. Abstrakzioa lantzean, mugitu egin zaitezke. Burua eta gorputza askeagoak dira”.

Erakusketako margolanetan gai ezberdinak landu ditu. “Paisaiak, testurak… Lan abstraktuagoak egin ditut, baina konturatu gabe lehen egiten nituen gauzekin zerikusia duten gauzak egin ditut: paisaiak, itsasoa… Beste lan batzuetan, intuizioz-edo, figura geometrikoak egin ditut”.

Juan de Lizarazu aretoan ikus daitezkeen lanak egiteko akuarela eta olioa erabili ditu. “Akuarelarekin hasi nintzen eta ondo sentitu nintzen, baina olioarekin egindako lana ere badaude. Usainik gabeko disolbatzaileak ezagutu nituenean animatu nin-tzen. Disolbatzaileei esker, olioak akuarelaren antza hartzen du. Denbora asko neraman olioarekin margotu gabe”.

Ezaugarri ezberdinetako lanak daude, baina gehienak ez ditu markoztatu. “Ez nuen aretoa dekoratu nahi, lanak erakutsi besterik ez”, aipatu du.

Asurmendi margolari ezaguna da herrian, dagoeneko hainbat erakusketa egin baititu. “Beti saiatu naiz nire lanak erakusten. Zumarragako Itarte etxean eta kultur etxean, Juan de Lizarazu aretoan, Beasainen… erakutsi ditut nire lanak”.

Herritarrek bere lana ezagutzen dute, baina oraingoan, lehenengoz, margolan abstraktuak egin ditu. Jendearen gustukoak izatea espero du. “Nik nire lana egin dut. Jendearen gustukoak izatea gustatuko litzaidake, baina gustatzen ez bazaie ez da ezer gertatzen”.

Erakusketari Zirrara izenburua jarri dio. “Sentimenduak beti hor daude eta egiten dituzun lan guztietan ageri dira. Oraingo honetan, beharbada, gehiago. Izenburu bat aukeratu beharra nuen eta hori gustatu zitzaidan, bai soinuagatik eta bai esanahiagatik”.

Asurmendirena urteko lehen erakusketa da Juan de Lizarazu aretoan. Apirilaren 21etik 28ra argazki erakusketa egingo dute eta maiatzaren 12tik 28ra Roberto Rodanes Arruebo urretxuarrak giza irudiak, paisaiak eta irudi onirikoen konposizioak erakutsiko ditu. Ekainaren 5etik 11ra, ikastolako ikasleen eskulanak ikusi ahal izango dira.

Urte amaieran beste hiru erakusketa egingo dira. Irailaren 8tik 24ra Concetta eta Clara Probanza Arrizabalaga zumarragarren margolanak egongo dira ikusgai. Urriaren 6tik 22ra Carlos Orlando Albas artista donostiarraren lanak erakutsiko dira eta azaroaren 10etik 26ra Amaia Aranzabal Balzategi arrasatearraren akuarelak.

16/03/2023