Buscar
Bizkaia

Markina eta Xemein batu zireneko irudien erakusketa

“Iraganean gure herria nolakoa zen herritarrei erakustea” da egitasmoaren helburu nagusia
Karmen jaiak Markina-Xemeinen.
Karmen jaiak Markina-Xemeinen.

1952ko irailaren 29an egin zuten bat Markinako hiriak eta Xemeingo elizateak, gaur egun ezagutzen dugun Markina-Xemein osatuz. Izatez, Ziortza ere barnean hartu zuen herri berriak, nahiz eta urteak pasata honek anexioaren aldeko apostua egin zuen. Zehazki, 1969an integratu zen. desanexioa 2005eko urtarrilaren 1ean egikarituz. Beraz, datari erreparatuta, bihar beteko du udalerriak bere sorreraren 70. urteurrena gaur egun Markina-Xemein izenez ezagutzen den udalerriak. Urteurren horren harira, zuri-beltzeko 70 argazkiz osatutako erakusketa berezia osatu du Udalak, Uhagon Kulturguneko tabernan eta Erakusketa gelan urriaren 28a arte izango den mostrak.

Goikoportalaren antzineko irudia.

Goikoportalaren antzineko irudia.

Iraganera salto egingo dute egitasmoa ezagutzera bertaratzen diren markina-xemeindarrek, beste hainbat herritan egin den antzera, tokiko memoria historikoaren gaineko ariketa eginez. “Iraganean gure herria nolakoa zen herritarrei erakustea da erakusketaren helburua”, bai Markina eta Xemeinek bat egin aurretik, baina baita ondorengo urteetan ere. Gerra osteko irudiez gain, beste zenbait kontu izango ditu erakusketak. “Horretarako, mota askotako argazkiak jarri dira ikusgai: paisaiak, jaiak eta ohiturak, garaiko lanbideak, herritarrak, jantziak… Felipe Amutxastegi Duralde herritarrak Udalari utzitako argazkiekin osatu ahal izan da erakusketa”, Markina-Xemeingo Udaleko arduradunek jakinarazi dutenaren arabera.

Inauterietan ospatzen zen antzar jokua.

Inauterietan ospatzen zen antzar jokua.

Informazio osagarria ere izango du erakusketa bereziak, argazkiak zenbait dokumentu osagarriz lagunduz. “Argazkiekin batera, bat egitearen akten kopiak ere erakusketan bertan izango dira ikusgai, nahi dituenak kontsultatzeko”. Ofizialki, 1952ko irailaren 29an batu ziren Markina eta Xemein, eta ordutik gaur eguneraino herri bera osatzen dute bi entitateek, egoera ezberdinak iragan ostean.

Ordutegia Markina-Xemeingo iraganari bistada botatzen dion erakusketa berezia hile oso baten izango da ikusgai, toki ezberdinetan. Jomuga udalerriko jende guztiarengana heltzea dute Udaleko arduradunek. “Uhagon kulturguneko tabernan eta Erakusketa Gelan ikusi ahal izango da erakusketa, irailaren 28tik urriaren 28ra arte”, nabarmendu dutenaren arabera. Erakusketa gelan asteko egun guztietan izango da zabalik, bada. Ordutegia astelehenetik ostegunerakoa izango da –12:00etatik 16:30ak arte–, ostiraletan egun guztian zehar –10:00etatik 20:00ak arte–, eta larunbatetan 10:00etatik 14:00ak arte eta 17:00etatik 20:00ak arte izango delarik zabalik. Azkenik, mostrarako erabilitako argazkiekin osatutako bideoa ikusteko aukera ere plazaratuko dute, udaletxeko sarreran izango dena. Bada, “bideo proiekzioa ere ikusi ahalko da udaletxeko sarreran, astelehenetik larunbatera, goiz eta arratsaldez”.

Erakusketa

Denetarik. Mota askotako argazkiak jarri dira ikusgai: paisaiak, jaiak eta ohiturak, garaiko lanbideak, herritarrak, jantziak… Felipe Amutxastegi Duralde herritarrak Udalari utzitako argazkiekin osatu ahal izan da erakusketa.

Helburu nagusia. Erakusketa gelan eta Uhagon Kulturguneko tabernan izango den erakusketak jomuga nagusi bat du. Hau da: “gure herria nolakoa zen herritarrei erakustea da erakusketaren helburua, bai Markina eta

Xemeinek bat egin aurretik, baina baita ondorengo urteetan ere”, Udaletik azaldu dutenez.

Etiquetas
2022-09-29T07:27:05+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo