Buscar
Navarra

Marruka

Vistas generales de Arrosadía.
Vistas generales de Arrosadía.

Oroztarren behitegia ez da 2023. urte honetara iritsi, Udalak joan den udazkenean eraitsi baitzuen, bertan ikasle egoitza bat eraikitzeko. Akabo hiriburuko azken behi eta zekorrak. Isildu dira orroak eta marruak. Ez da aziendarik Iruñean. Zakurrak, ordea -barkatu, maskotak-, izurri gaitza. Alimaleko aldaketa gertatzen ari da hiriaren hegoaldeko sarreran, sarbide itsusi eta ezin nahasiago horretan, garai bateko hirigintza negargarriaren adierazgarri. Batere antolamendurik gabe eraiki baitzen Milagrosa izena eman eta euskaraz Arrosadia erraten diogun auzoa, Motxueloko etxeen ondoan. Berrogei urte geroago eraikiagatik ere, Zaragoza etorbidearen bestaldea ere, Azpilagaña, ez da preseski hirigintza antolatuaren eredu. Gaur egun, Arrosadiko behealdean ari dira etxebizitzak ziztuan eraikitzen, lantegi zaharrak bota ahala eta alorrak lurzoru urbanizagarri bihurtzen diren ber. Pamplonica eraitsi ondoren, leku zabalagoa gelditu zen inguru horretan, Sadar errekastoa argira ekarrita. Geiser-iturri bat erantsi zioten, bazterrak edertzeko balioko zuelakoan, eta Mañuetako jende adinekoetarik inork gogoan ez zeukan gitarra-jotzailearen omenezko irudi erraldoi bat ere agertu da iltzaturik erdi-erdian. Ezin kendu, ordea, inguru horrek betidanik izan duen anabasa eitea, egunero ordu jakin batzuetan sortzen diren auto-ilara ikaragarrien mendean. Ez da toki gozoa oinezkoendako. Hortik aitzina, Galar Zendean sarturik, garai batean Tutera Kamio erran zitzaion alderdian, ezin zangoen gainean ibili, eta txirrindulariendako ere dena da arrunt arriskutsua. Han, oraindik ere ukitu gabe, Superserrek lurra jo ondoko orubea dago. Eta ondo-ondoan, aldaketa guztien gainetik, zut dirauen Kordobillako berri-papera, orain maiatzeko bozei beha, marruka Chiviteren eta Esparzaren arteko akordioaren alde. Egina ote dago?

Etiquetas
2023-03-13T07:53:05+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo