Bizkaia

Martxan da Bilbao Seriesland ekimenaren zortzigarren edizioa

Bilbao Seriesland ekimenaren zortzigarren edizioaren aurkezpena.

Ostiral honetan hasi eta datorren asteko larunbatera arte, Bilborock aretoak Bilbao Seriesland ekimenaren zortzigarren edizioa jasoko du, non lau kontinenteetako 26 herrialdetatik datozen 85 websail proiektatuko diren.

Websailen nazioarteko ekitaldiak, aurten ere, bidea egiten ari den ikus-entzunezko formatu horretako nazioarteko ikuspegirik garrantzitsuena ekarriko du hiribildura. Internet bidez banatzeko sortu da formatua, hain zuzen ere.

Topaketa nazioarteko erreferentzia izan da sektorean, eta Bilboko Udalaren erakunde-babesletza du Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez, bai eta Bizkaiko Foru Aldundiarena eta BEAZ foru-sozietatearena ere.

Seriesland 2022 edizioaren alderdi aipagarrienetako bat dasailkatutako ekoizpenen % 50 emakumeek sortuak, zuzenduak edo ekoitziak direla, eta parekidetasun hori lortzea oso zaila da ikus-entzunezko beste mota batzuetako jaialdietan.

Zortzigarren edizio honen beste datu esanguratsu bat da jaialdiaren ibilbidean lehenengo aldiz hautatu duela euskaraz grabatutako ekoizpen bat sekzio ofizialean lehiatzeko. ‘Daniel|A|’ izena du lanak, eta hamar minutuko sei kapituluk osatzen dute websaila. Nora Alberdik zuzendu du, eta gazteek eraikitako istorio bat da, non genero-identitatea eta norberak bere burua onartzeko premia jorratzen diren. ‘Daniel|A|’ lanaz gain, formatuko euskal ekoizpenei, oro har, aipamen berezia egingo zaie Euskal Screenings sekzioan.

Bilborockeko proiekzioez gain, beste mota batzuetako jarduerak antolatuko dira Bilbao Seriesland ekimenean, hala nola Xpress txapelketa, ikus-entzunezko graduetako ikasleei zuzendua. Bertan, parte-hartzaileek larunbatera arte izango dute astia gezurrezko trailer bat grabatzeko, hau da, Bilbo eta Bizkaiko leku desberdinetan grabatuko den ustezko websail baterako trailer bat.

Bestalde, jaialdiaren barruan ere, mahai-inguruak eta hitzaldiak antolatuko dira, besteak beste, urriaren 20an, osteguna, Valeria Shashenok gazte ukraniarrak eskainiko duena. 20 urte baino ez dituen tiktoker ukraniarrak biral egin ditu bonbardaketetatik babesteko soto batean familiarekin giltzapetuta egon zen 17 egunetan grabatutako bideoak. Dokumentu horiek arrakasta handia izan dute Shashenok egileak tonu satiriko eta umoretsua erabili duelako herrialdeak bizi duen gatazka beliko dramatikoa tratatzeko.

Ukrainiako gerraz gain, metabertsoa eta errealitate birtuala oraintsuko gaiei ere garrantzia berezia emango zaie Bilbao Seriesland jaialdian. Hori horrela, gaur bertan ikus-entzunezko eremura zabaltzeko aplikazioen inguruko eztabaida bat egongo da, eta gai horren inguruan Euskadin dagoeneko garatu diren adibide batzuk jarriko dira ikusgai.

Hilaren 22tik aurrera, larunbata, hau da, jaialdia amaituko den egunean, antolaketa-taldeak stand bat instalatuko du Areatzan. Horrela, teknologia berri hori herritarrei hurbilduko diete, zeina doan esperimentatu ahal izango duten.

Bi gala

Bilbao Seriesland ekimenaren egitaratuan bi gala antolatuko dira. Lehenengoan, Bilborock aretoan egingo dena, lau titulu estreinatuko dira asteartean, hilak 18: Ene, zelako gaua!, Sorgina, Her name is nobody ekoizpen eusko-alemaniarra eta Superjodidos Uruguaiko Gastón Haag-ena, zeinak euskal aktore ospetsuen lankidetza izan duen, besteak beste, Lander Otaola, Ylenia Baglietto edo Andoni Agirregomezkorta.

Ostiralean, hilak 21, Guggenheim Bilbao Museoa izango da amaiera-galaren agertokia, eta, bertan, sariak banatuko dizkiete aurtengo edizioko websailik onenei

17/10/2022