Gaur, urriak 24, Liburutegiaren Nazioarteko Eguna ospatzen da, eta data hau aprobetxatuz, 'Bizkaidatz Txikia' lehiaketaren bederatzigarren edizioaren aurkezpena egin da. Bertan izan dira, besteak beste, Begoña de Ibarra kultura zuzendari nagusia, Lola López de Lacalle eta Aiala Garabieta idazleekin batera.
"BizkaIdatz Txikia" lehiaketaren aurkezpenean Begoña de Ibarrak nabarmendu duenez, "Bizkaiko haur eta gazteen artean literatura-sorkuntza bultzatu eta sustatu nahi du Foru Aldundiak, hau da, idazketa eta irakurketa sustatu nahi ditugu. Ezagutzak eskuratzeko eta garapen sozialerako ezinbestekoak direlako". Gainera, honakoa azpimarratu du: "Bizkaidatz txikia Bizkaian dagoen talentu literarioa ezagutzeko aukera paregabea da. Horrexegatik animatzen ditut gazte guztiak urtez urte literatura-lehiaketa honetan parte hartzera. Batez ere, idazketaz eta irakurketaz gozatzera animatu nahi zaituztet".
Lola López de Lacallek eta Aiala Garabietak emango diete hasiera edizio honetako kontakizunei. Horrela, Lola López de Lacallek gaztelaniaz hasiko du istorioa, "Caramelo" eleberriarekin, eta Aiala Garabietak euskarazko istorioaren hasiera proposatuko du, "Nomada" izeneko kontakizunaren bidez. Elisabeth Pérez Fernándezek ilustratu ditu "Caramelo"ren testuak, eta Iñaki Landak sortu du "Nomada"ren azaleko irudia.
Parte hartzen duten haurrek edo gazteek istorioari, pertsonaiei eta hasierako lanari egokituta amaitu beharko dute kontakizuna, eta euskaraz zein gaztelaniaz egin ahal izango dute. Epaimahaiak hala ebazten badu, modalitate bietan irabazteko aukera ere izango dute. Horrela, Bizkaiko edozein udalerritan kokatutako ikastetxe batean ikasketak egiten ari diren 16 urte arteko ume eta gazteek parte hartu ahal izango dute lehiaketan: haurren kategorian, I. taldean, 3. eta 4. mailako ikasleak aurkeztu ahal izango dira, II. taldean, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailakoak; gazteen kategorian, III. taldean, 1. eta 2. mailakoak, eta IV. taldean, Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailakoak.
Kontakizunak aurkezteko azken eguna 2022ko otsailaren 10a (ostirala) izango da, 13:30ean. Testuak gutxienez 4 orrikoak eta gehienez 5 orrikoak izango dira, eskuz idatziko dira letra garbiarekin edo ordenagailuz "Times" edo "Arial" letra-motak erabiliz, DINA4 orrialdeetan, 12 gorputzarekin eta tarte bikoitzean.
Idazlanak Laguntza herritarren erregistro eta arretarako bulegoan bertan aurkeztu ahal izango dira edo postaz bidali (Diputazio kalea 7, 48008, Bilbo). Bizkaiko Foru Aldundiaren Egoitza Elektronikoaren bitartez ere aurkeztu ahal izango dira.
Lehiaketaren oinarri guztiak Foru Liburutegiaren webgunean daude ikusgai eta irabazleen izenak Bizkaiko Aldizkari Ofizialaren bidez emango dira jakitera.
Bizkaidatzen historia
Bizkaiko Foru Aldundiak 2015ean ekin zion lehiaketa honi, Bizkaiko ikastetxeetako haur eta gazteen artean irakurzaletasuna eta idazketa sustatzeko.
Lehenengo edizioan Joanes Urkixo idazle eta gidoilariak (bere "Zuhaitz neska" kontakizuna Urtzi Urkixok ilustratu zuen) eta Belén Lucasek parte hartu zuten. Azken horrek "El misterio del jardín botánico" kontakizuna idatzi eta ilustratu zuen. Lehen edizio horretan 186 kontakizun aurkeztu ziren, horietatik 72 euskaraz.
Bigarren edizioa 2015eko urria eta 2016ko apirila artean gauzatu zen, eta kontakizunak Miren Agur Meabek ("Haize-Begi, Enrique Morentek ilustratua) eta Seve Callejak ("Viaje nocturno", Nuria Hernándezek ilustratua) idatzi zituzten. 194 kontakizun aurkeztu ziren, horietatik 90 euskaraz.
"BizkaIdatz Txikia"ren hirugarren edizioari Xabier Olasok eman zion hasiera "Paul eta sorginkeria-liburua" kontakizunarekin (Aitziber Alonsok ilustratu zuen), eta Laida Martínez Navarrok gauza bera egin zuen gaztelaniaz "El caso de Sopapos y su banda de matones" testuarekin (ipuin hori Beñat Oleak ilustratu zuen). Parte-hartzaileen kopuruak nabarmen egin zuen gora: 262 kontakizun aurkeztu ziren guztira, 132 euskaraz.
Bi izan ziren lehiaketaren laugarren edizioan kontakizunei hasiera eman zieten egileak: Leire Bilbao, "Munstro bat nire ispiluan" kontakizunarekin, eta Toti Martínez de Lezea, "El secreto de la isla" lanarekin. Testuak Elena Ciordiak eta Estibalitz Jalónek ilustratu zituzten, hurrenez hurren. Edizio horretan parte-hartzaileen kopururik handiena izan zen, guztira 366 parte-hartzaile, horietatik 220 euskaraz.
Bosgarren edizioa Álvaro Yarrituren "La carrera espacial" (Dani Maizek ilustratua) eta Nerea Arrienen "Zazpigarren olatua" (Amaia Ballesterosek ilustratua) kontakizunekin hasi zen. Urte horretan 206 lehiakidek hartu zuten parte, 65ek euskarazko modalitatean.
Seigarren edizioari hasiera emateko kontakizunak honakoak izan ziren: Rafa Ugalderen "Haitzaren erraiak", Eider Eibarrek ilustratua, eta Noelia Lorenzo Pinoren "¿Quieres rescatar al príncipe?", Alex Orbek ilustratua. 170 kontakizun aurkeztu ziren, horietatik 54 euskaraz.
Zazpigarren edizioak abiapuntu izan zituen Emilia Ariasen "Cuando el mundo se volvió tururú" eta Juan Ramon Madariaga Abaituaren "Nuutuk eta hartz zuria" eleberriak, Kike Infamek eta Ane Pikazak ilustratuak, hurrenez hurren. Pandemiak iraun zuen bitartean, parte-hartzaile kopurua nabarmen murriztu zen, 35 kontakizun inskribatu ziren, horietatik 9 euskaraz.
Zortzigarren edizioaren kontakizunak garatu eta amaitzeko erronka hartu zuten haur eta gazteek, euskaraz, Idoia Barrondo Etxebesteren kontakizuna bukatu behar izan zuten, ‘Abrakadabra’, Asier Iturraldek "Gastón" ilustratua, eta, gaztelaniaz, Andoni Abenójar.