Martxan da tokiko enpresen eta saltokien gaitasunak hobetzeko eta enpresa-erabakiak hartzeko erraztasunak lortzeko Bilboko Udalak, Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez, sortu eta sustatutako Mentoring Bilbao Ekimenaren edizio berri bat.
69 proiektuk eman zuten izena mentoretza-prozesuan parte hartzeko, eta 24izan dira hautatuak. Hemendik eta ekainera arte ospe handiko profesionalen laguntza indibidualizatua izango dute, eta haien merkatu-ezagutzaz eta esperientziaz baliatuko dira nork bere enpresa-estrategia finkatzeko.
Hala, 24 mentore izango dira, hain zuzen ere, modu altruistan XIV. Bilbao Mentoring-en parte hartuko dutenak. Horietatik hamazortzik aurreko edizioetan parte hartu dute. Horrek frogatzen du esperientzia benetan aberasgarria dela parte hartzen duten bi alderdientzat. Hiribilduko ekonomia dinamizatzeko eta enplegua sortzeko tresna baliagarritzat jotzen den ekimen honetan lehen aldiz parte hartuko duten sei profesional daude mentoreen taldean.
Datozen zortzi hilabeteetan 24 mentore horiek aldizkako bilerak izango dituzte egokitu zaizkien enpresen ordezkariekin. Bilera horietan, bi alderdiek esperientziak, aholkuak eta informazioa trukatuko dituzte, beti mentoretza jasoko duten pertsonen profesionalizazioa hobetzeko asmoz. Esperientzian oinarritutako irakaskuntza baliatuko da, tartean ideia berriak sartuko dira eta aldi berean kontaktu-sare bat garatuko da, faktore horiek parte-hartzaileen negozio-planak zabaltzen lagundu dezaketelakoan.
Aukeratutako enpresa guztiek gutxienez urtebete daramate funtzionamenduan, eta, besteak beste, honako sektore anitz hauetakoak dira: zerbitzu profesionalen alorrekoak, merkataritzakoak, ostalaritzakoak, turismo eta aisialdikoak, kultura-jardueretakoak, irakaskuntzakoak eta teknologiaren alorrekoak.
Mentoring Bilbao 2008an jarri zen abian, eta harrez geroztik antolatu diren hamahiru edizioetan guztira 172 enpresa txiki eta ertaini eta saltokiri lehiakortasuna hobetzen lagundu diete parte hartu duten 90 pertsona mentoreei esker. Horrek Bilboko Udalak elkarlanean oinarritutako metodologiaren alde egindako apustuaren baliozkotasuna berresten du.