Bizkaia

Martxan dira Rodríguez Arias kalearen osotarako eraldaketari ekiteko obrak

Lanak Bilboko Rodríguez Arias kalean.

Bilboko Udalak martxan jarri ditu Rodríguez Arias kalean hurrengo hilabeteetan egingo diren lanak, kalearen osotarako eraldaketari ekiteko. Espazio hori merkataritza-korridore baten moduan indartuko dute, Abando eta Indautxu artean, Kale Nagusiaren osagarri moduan.

Asmoa da kalitatezko hiri-eremu berri bat sortzea, paseatzeko, elkarrizketarako, atseden hartzeko eta erakusleihoaren esperientzia gozatzeko, betiere inguru hartan bizi diren bizilagunen bizimoduarekiko orekan eta begirunez-

Kalearen transformazioa osotasunezkoa izango da, zeren eta obretan sartuko baitira, orobat, Lojendio, Gardoki, Telesforo Aranzadi eta Máximo Aguirre kaleekiko loturak ere, haiei balioa emanez.

Halaber, etorkizunerako asmo bat da, eta uriko erdialdeko kale batzuk lotzeko xedea du, eta, gainera, Abandoko geltokitik etorriko diren pertsonen etorrerari harrera egin nahi die, hau da, egungo eta, batez ere, etorkizuneko lurpeko geltoki intermodaletik etorriko den jendeari.

Obrak faseka egingo dira; hala ere, kale osoa diseinatu da proiektuaren koherentziaren alde.

Proiektuaren lehen fasean (fase horretako lan.ak jarri dira abian), Rekalde zumarkaletik Campuzano plazara doan tartea urbanizatuko da, baita kale perpendikularretako loturak ere, hau da, Iparraguirre eta Máximo Aguirre, azken hori Atxukarro Doktorearen kaleraino Guztira, 6.000 metro koadroko eremua esparru horretan.

Tarte horretarako, plataforma bakarra proposatzen da, oraingo kalearen kota espaloiaren mailaraino jasoz. Era horretan, aukera izango da une zehatz eta jakinetan kalea ibilgailuen zirkulaziorako ixteko, garajeetarako izan ezik, hala nola kanpaina berezietan, merkealdietan...

Lehen fase honek hartzen duen eremu guztian zabalagotu egingo dira espaloiak, 4,5 metroraino, eta egoteko leku berriak sortuko dira. Hala, ia beste 1.000 metro koadro erantsiko zaizkio oinezkoen erabilerarako eremuari, egungo 3.040 m-etatik egoera proiektatuan izango dituen 3.957 m-etaraino.

Kalearen irudia dotorea eta modernoa izan dadin, eta irudi horrek zoladura ez ezik hiri-altzariak eta argiteria ere har ditzan, material bikainak hautatu dira, hala nola haitzurdina (zoladuran), zura, burdinurtua eta harria (hiri-altzarietan), eta argiztatze-gailu abangoardiakoak ere bai.

Zoladurako haitzurdinak hiru tonu izango ditu, gris argia, gris iluna eta arrosa, eta nahasketa kromatiko horrek uhin joko bat eragingo du, espaloian bata bestearen segidan joango diren guneak bereiziz eta definituz. Zuhaitzek ere garrantzia izango dute egoteko eremu horiek definitzean. Bi espezie hautatu dira, bat berdea eta ertaina, espaloietarako: astigar arrunta; eta bestea gorrixka, bidegurutzeetarako: indimitrea.

Hiri altzariei dagokienez, molde klasikoa izango dute, eta EAEko Irisgarritasunaren Legeari egokituak izango dira. Bidegurutzeetan doi bat aldatuko dira, corten altzairuzko landare-ontziak ipiniko baitira, eta haietako batzuek jarlekua izango dute itsatsita, eta, hala, gune horiek egoteko guneak izango dira, aldez.

Txorkoek ondo emango dute landare-ontziekin, eta jarlekuek burdin galdatuzko egitura izango dute, eta Elondo zurezko bukalanak izango dituzte. Jarlekuak bi neurrikoak izango dira, eta txandakatu egingo dira: 1,80 m luze batzuk, 55 cm luze besteak, hurrenez hurren; konbinazio desberdinetan atonduko dira kalean zehar.

Argiztapena ere egokitu egingo zaio kalearen estetika berriari. Fatxadako argi guztiak kenduko dira, eta argiak lurzoruaren mailan ipiniko.

Argiztapen dotore eta funtzional bat diseinatu da espaloi- eta kale-inguruneetarako. Horretarako, eredu berri bat hautatu da Bilbon, nortasuna eta berezitasuna emanez Rodríguez Arias kaleari.

Aurrekontua eta dirulaguntza

Obraren fase honen honen aurrekontua 2.081.323,36 euro da (BEZa aparte), eta zortzi hilabetean egikaritzeko.

Nabarmendu beharrekoa da Bilboko Udalak 619.835 euro jasoko dituela proiektu honetarako, Europako erakundeen dirulaguntza jaso baitzuen "Merkataritza jarduera indartzea turismo-guneetan" izeneko dirulaguntzetarako deialdiaren barruan.

29/09/2022