Emakumeen Nazioarteko Eguna gainean dugu eta horren harira hainbat ekitaldi antolatu dira Azkoitin. Martxoaren 8aren kartel lehiaketa horietako bat da eta atzo ezagutzera eman ziren lan sarituak.
Floreaga Ikastetxeak, Azkoitia BHI-k eta Izarraitz Lanbide Heziketak hartu dute parte lehiaketan. Guztira, 72 lan aurkeztu dira eta Irati Larrañagak, Amaia Sudupek, Ainhoa Arregik eta Mara Alberdik, Floreaga Ikastetxeko 3.DBHko ikasleek, jaso zuten lehen saria. Bigarren saria Floreaga ikastetxeko 4.DBHko Chaimae Maayoufek jaso du, eta hirugarrena, Izarraitz Lanbide Heziketako Gizarteratze zikloko lehenengo mailan dabilen Leire Amestik.
Lehiaketara aurkeztu diren kartelak ikusgai egongo dira Azoka Plazan martxoak 13ra arte. Erakusketa honekin batera beste ekitaldi asko izango dira Azkoitin hurrengo egunetan. Bihar, martxoak 8, esate baterako, Eissie@Dekker ikuskizunak emango dio hasiera egitarauari Baztartxo Antzokian. LH5 eta LH6ko ikasleentzat bi saio izango dira, bata 9.30ean eta bestea 11.00etan. Bihar ere, baina 18.30ean, Elbira Zipitriaren bizitzari buruzko dokumentala ikusteko aukera izango da Elkargunean (Oteiza aretoan). Azkenik, martxoak 11an Amets pirata txotxongiloen ikuskizuna eskainiko du Bihar Taldeak Elkargunean (Herriko plazan) 18.00etan.
“Udalak politikan eta gainerako erabakiguneetan emakumeen lidergotza aldarrikatu du oraindik mugatua delako, eta lehentasunezkoa delako desberdintasun-arrakala murrizteko lanean jarraitzea. Ditugun ereduak birplanteatzea eta erakundeak eraldatzea, erakundeek eta gizarteak orokorrean jorratu beharreko erronka da, gobernantza eredu inklusiboan eta kooperatiboan aurrera egin nahi badugu”, adierazi zuen atzo Mertxe Zubillagak, Berdintasun zinegotziak.