Polideportivo

Martxoaren 18an ospatuko da Bermeon Arraunlari Beteranoen IV. Topaketa

Arraunlari Beteranoen IV. Topaketaren kartela.

300 arraunlari inguru bilduko dira Bermeon bi aste barru, martxoaren 18an konkretuki, Bizkaiko Arraunlari Beteranoen Topaketa dela eta. Aurtengoa laugarren edizioa izango da.

Topaketa arraunaren tradizioa eta euskal tradizioan eta kulturan hain errotuta dagoen kirol honen ezaugarri diren balioak aldarrikatzeko jardunaldia da, balio horiek herritar guztientzat ikusgarri egiteko helburuarekin.

"Topaketa hau hitzordu finkoa eta ezinbestekoa bihurtu da beteranoen kategorian lehiatzen garen kluben eta pertsonen egutegian. Hain gurea den kirol hau, arrauna, praktikatzeko gunea da. Eta, aldi berean, lehiaketaz haratago kirol hau praktikatzen dugunon arteko harremanak josteko eguna ere bada. Kluben eta, era berean, lurraldeen arteko anaitasun-topagunea da" adierazi du Arraunlari Beteranoen Elkarteko (ABE) presidenteak, Jose Antonio Zubizarretak. Zubizarretak, halaber, eskerrak eman dizkie Bizkaiko Foru Aldundiari, Bermeoko Udalari, Bizkaiko Herri Kirol Federazioari, Bizkaiko Arraun Federazioari eta Cervezas La Salve enpresari eskaintzen duten laguntzagatik, bai eta topaketan parte hartzen duten klubei ere. "Horien guztien babesik gabe topaketa hau ez litzateke posible izango, bilera hau talde lanaren emaitza delako, traineru barruko garaipenak bezala", azpimarratu du.

Lorea Bilbao Ibarrak, Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, bere aldetik, azpimarratu du hitzordu hau kirol ekitaldi bat baino zerbait gehiago dela: "Topaketa hau kirolaren balioak aldarrikatzeko modu bat da, baita gure kultura ere. Izan ere, arrauna kirola da, baina, aldi berean, batzen gaituen zerbait da, herri gisa definitzen gaituena. Gure DNAren parte da; gure nortasun-ezaugarrietako bat da. Zaindu eta mantendu beharreko aktiboa". Bilbao Ibarrak adierazi du, halaber, topaketa hau edozein adinetan kirola egiteak duen balioa aintzatesteko modua dela.

"Kirol jardunaldi bat baino askoz gehiago da. Kirolaren balioak, gure tradizioa eta nortasuna aldarrikatzeko eguna da, urteak betetzeko modu aktiboa. Arrauna kirola delako, baina baita tradizioa eta kultura ere, identitatea delako. Batzen gaituen zerbait da, herri gisa definitzen gaituena, Bizkaiko DNAren parte dena".

Aurtengo ekitaldian ontzi hauek hartuko dute parte: Bilbao Arraunlari Beteranoak, Aizburua, Zumaia, Mundaka, Plentzia, Sestao, Iberia, Badok13, Itsasoko Ama, Getxo, eta Alacant, eta goizean hasiko da jaitsiera batekin. Proba horretan aipatu diren traineru horiek guztiek hartuko dute parte, eta arratsaldean esprint modalitateko lehia jokatuko dute. Sokatira erakustaldi batek, eta ondorengo tiratzaile eta arraunlarien arteko desafioak, eta kontzertu batek osatuko dute eguneko egitaraua.

05/03/2023