Etxeko maskotek ere jai bat izateko eskubidea dute. Eta igande honetan egin ahal izango dute. Ibaiondo Gizarte Etxearen kanpoaldean Maskotaren Jaian egingo diren jarduerak egingo dira. Jardunaldi hau Hobetuz Txiki programan aurkeztutako proposamen bati esker egin daiteke.
Hala, eta ildo beretik, atzo Gasteizko Udaletik jakinarazi zutenez, “Ibaiondo gizarte-etxearen kanpoaldean egingo dira Gasteizko Udalak igandean, urriaren 9an, egingo duen Maskotaren Jaiaren baitako jarduerak. Jardunaldia 10:00etan hasiko da eta 14:00ak arte iraungo du. Erakusketa eta usaimenaren tailerra, txakurren lehiaketa eta desfilea, Argazki bat nire maskotarekin jarduera, tailerrak, txakur-krosa eta Ertzaintzaren Ertzainor Unitatearen erakustaldia egingo dira bertan. Gainera, Ibaiondo gizarte-etxeko plazan Adoptatzeko txokoa, albaitaritzako profesionalen aholkularitza, animaliekin lan egiten duten elkarteei buruzko informazioa eta txakurraren zainketei buruzko informazioa… egongo dira. Hori guztia Arabako Albaitarien Elkargo Ofizialaren laguntzari esker egingo da.
Bestalde, Hobetuz Txiki programarako aurkeztutako proposamenari esker egingo da jardunaldia. Horren arabera, Udalaren aurrekontuaren zati bat herritarrek erabakitzen dituzten jardueretarako bideratzen da”, azpimarratu zuten. Programaren aurkezpenean, Borja Rodríguezek, Herritarren Partaidetzako, Gardentasuneko eta Gizarte Etxeetako zinegotziak, baloratu zuen aurten ekimen hori nobedadez beteta zegoela. “Vitoria-Gasteiz Hobetuz programaren aurreko bi edizioetan, haurrek proposamenak aurkez zitzaketen bakarrik, baina ez bozketan edo erabakiak hartzeko prozesuan parte hartu. Herritarren partaidetza baitan haurren partaidetza sendotu asmoz, 2022-2023ko edizioan berritasun garrantzitsu bat gehitu dugu: Vitoria-Gasteiz Hobetuz Txiki”, azpimarratu zuen. Maskota Eguna ekimena haurren talde batek aurkeztu zuen Aktiba haurren partaidetzarako foroetan. Foro horretan bertan sortu zen kanpaina hau ere: Erosi beharrean, adopta ezazu! Ekimen horren helburua da adopzioa bultzatzea horrek berekin dakartzan erantzukizun eta betebeharrak nabarmenduta. Iñaki Gurtubai alkateordeak balorazio positiboa egin zuen Gasteizko haurren proposamen horren helburua adopzioa sustatzea izateari dagokionez. “Urtero, 300 animalia baino gehiago iristen dira Animalien Babeserako Zentrora eta adoptatzea animalia horiei bigarren aukera bat ematen dien erabakia da. Hori bai, beti izan behar du adopzio arduratsua eta argi izan behar dira horren ondorioz norberak bere gain hartzen dituen erantzukizun eta betebeharrak”. Kanpaina honen helburu nagusia animaliak adoptatzea da, animaliak erosteko aukera baztertuz. “Aurten, orain arte, Animalien Babeserako Zentroak abandonatutako 108 txakur eta 161 katu jaso ditu. Haietatik, 94 txakur eta 114 katu adoptatu dituzte. Urtero, animalia batzuek ez dute bizitokirik topatzen eta ABZn geratzen dira bizitzen. Ondorioz, adopzioa ezinbestekoa da haiek ere bigarren aukera bat izan dezaten”, azaldu zuten Udaletik. “Dena den, izaki bizidunak direnez, haien osasuna eta ongizatea babesteko bermatu behar diren zaintza eta arreta batzuk behar dituzte”, erantsi zuten.
Xehetasunez
Jaia.“Ibaiondo gizarte-etxearen kanpoaldean egingo dira Gasteizko Udalak igandean, urriaren 9an, egingo duen Maskotaren Jaiaren baitako jarduerak. Jardunaldia 10:00etan hasiko da eta 14:00ak arte iraungo du. Erakusketa eta usaimenaren tailerra, txakurren lehiaketa eta desfilea, Argazki bat nire maskotarekin jarduera, tailerrak, txakur-krosa eta Er-tzaintzaren Ertzainor Unitatearen erakustaldia egingo dira bertan. Gainera, Ibaiondo gizarte-etxeko plazan Adoptatzeko txokoa, albaitaritzako profesionalen aholkularitza, animaliekin lan egiten duten elkarteei buruzko informazioa eta txakurraren zainketei buruzko informazioa… egongo dira. Hori guztia Arabako Albaitarien Elkargo Ofizialaren laguntzari esker egingo da.
Programa. “Hobetuz Txiki programarako aurkeztutako proposamenari esker egingo da jardunaldia. Horren arabera, Udalaren aurrekontuaren zati bat herritarrek erabakitzen dituzten jardueretarako bidera-tzen da”. Vitoria-Gasteiz Hobetuz programaren aurreko bi edizioetan, haurrek proposamenak aurkez zitzaketen bakarrik, eta aurten aldatu egin da.