Art Spiegelmanen (Estokolmo, 1945) Maus izan zen Pulitzer Saria irabazi zuen lehen komikia. Izugarrizko arrakasta izan zuen, lan gorena eta eztabaidaezina zen bere kultur adierazpenean, eta 1992. urtean Columbia Unibertsitateak –Pulitzerra emateaz arduratzen den erakundea– berau errekonozitzeko erabakia hartu zuen. Orain, 1977 eta 1991 bitartean Raw aldizkarian argitaratutako Holokaustoari buruzko kontakizun biografikoa, euskaraz irakur liteke estreinakoz Astiberri argitaletxearen eskutik, Julen Gabiria bizkaitarraren itzulpenari esker. Egun hauetan Gabiria eta Astiberriko arduradunak atzo, igandearekin, itxi zen Durangoko Azokan izan dira, argitaletxearen azken nobedadeak aurkezteko, horien artean, Spiegelmanena.
Maus fabularen arloan koka litekeen lana da, protagonistak animalia antropomorfikoak baitira. Juduek sagu aldaera dute; naziak, aldiz, katuak dira. Bigarren Mundu Gerra eta, konkretuki, judutarrek kontzentrazio esparruetan bizi izan zituzten bortizkeriak kontatu zituen Spiegelmanek bere aita Vladeken ezpainetatik. Hain zuzen, bere bi gurasoek –Anja zen bere ama– Auschwitzen bizitako lazeriak izan zituen hizpide. Nobela grafikoen arloan “goia jo” zuela aipatu du Astiberriko editore Javier Zalbidegoitiak. Are gehiago, muga guztiak hautsi eta “mundu mailako publiko orokorrera iritsi zen” obra dela dio, “literaturako sorkuntza gorenei aurrez aurre begira diezaiokeen lana” dela. “Komikigintzaren alde asko egin zuen, irakurle askok izan zitzaketen aurreiritziak gainditze aldera, eta arte horrek beste bitarteko sortzaile batek bezala obra garrantzitsuak trata ditzakeela ikusarazte aldera”, esan du editoreak.
Euskara txarra, euskara ona
Astiberrik urteak daramatza euskarazko eta gaztelaniazko edizioak kaleratzen. 2017an, ordea, aurretik argitaratu ez zituzten “pisuzko” komikiak soilik euskaraz argitaratzeko autua egin zuten. Lehen liburua Maus izatea iradoki zuten –Reservoir Books-ek du gaztelaniazko eskubideen jabegoa–, baina 2021eko maiatzera arte ez ziren Art Spiegelmanen agenteekin kontatuan jarri euskarazko bertsioa proposatzeko. “Errotulazio probak eskatu zizkiguten”, azaldu du editoreak. Ez da eskakizun arraroa. Izan ere, Mausen egileak aitaren narrazio-testu luzeak uztartzen baititu irudietan. Lau hilabete geroago eman zion baiezkoa euskarazko bertsioari Spiegelmanek berak.
Astiberrik, orduan, Harkaitz Cano idazlearen gomendioz, Julen Gabiriarengana jo zuen itzulpena berak presta zezan. Hamalau hilabeteko lanaren ostean, literaturaren goi mailan kokatzen den obra eskuragai daukagu Euskal Herriko liburu-dendetan.
“Azken bi hamarkadetan literaturaren klasikoak euskaratzeko bidean pauso berri bat da Mausen itzulpena”, uste du Gabiriak. Oso lan “intentsoa” izan dela baieztatu du. Guztira urtebete eman du nobela grafikoarekin lehian –jatorrizko ingelesetik ekarri du–, eta horietatik lauzpabost hilabete esklusiboki lan horretan eman zituen. Literatura unibertsaleko ikono bat izanda, “presioa” ere hasieratik sumatu zuen Gabiriak. “Zalantza izpirik gabe baiezkoa eman nuen, baina berehala, ostras, mobidatxoa bazela konturatu nintzen”, barre egin du. Jende askok, berak barne, aurretik irakurria zuen Maus eta, zentzu horretan, publizitate handirik gabe publiko ugarirengana iristen den lana dela gogoratu du: “Liburu artean bazabiltza, zure bizitzako momenturen batean berarekin topo egingo duzun obra da”. “Begi asko zelatan izango” zituenaren jakitun lan egin behar izan du bizkaitarrak.
Itzulpen lana, gainera, ez da erraza izan, jatorrizko testuak berezitasunak badituelako. Ez bakarrik testu luze eta mardula delako, baita Arten aitaren hizkeragatik ere. Vladek eta Anja, jaiotzez poloniarrak ziren. Polakoz eta yiddish hizkuntzan hitz egiten zuten eta Estatu Batuetara migratzean ingelesez ikasi zuten, eta horretan datza komikiaren berezitasunetako bat. Vladekek ingelesez gaizki hitz egiten duenez, Gabiriak euskara “kaskar” bat asmatu behar izan du.
Euskara on bat izateko, edo beste modu batean esanda, irakurleak sinetsiko zuen hizkuntza bat izateko, euskara txar bat asmatu behar izan du itzultzaileak. Sagu, katu, txerri eta bestelako abereekin Holokaustoa kontatzeagatik da ezaguna nobela grafiko hau. Halere, irakurleek Vladeken hizketa moduari ere erreparatzen diotela azpimarratu du. Horiek guztiak kontuan izanik eta itzultzaile denetik, “erronka” eta “desikaste” ariketa bat suposatu dio Astiberriren enkarguak: “Orain arte ikasitako guztia liburu honekin desikasi egin behar izan dut. Beste klabe batzuetan lan egin dut”.
“Erabaki asko hartu behar izan nituen”, kontatu du. Erabakiak, halere, ez ziren behin betikoak, askotan egin behar izan du atzera berriro hasteko: “Esaterako, ingelesak oso aditz forma sinpleak ditu, ez dira oso aldakorrak. Aldiz, euskaraz aditz lagun-tzaileekin aukerak biderkatu egiten dira”. Vladek-ek euskaraz egin zezan, Gabiriak aditz taula oso bat “asmatu” behar izan du.
Suposatu dion lanaren tamaina ulertzeko, bizkaitarrak edozein obra itzultzean, bi zuzenketa egiten dizkiela kontatu du, bat sakona eta beste bat testua “fintzeko” helburuarekin. Mausen kasuan, gordinean euskaratu ondoren, bederatzi zuzentze ariketa egin behar izan zituen.
“Naziek eragindako genozidioaren inguruan egin diren hurbilketa nagusienetakoa da Maus”. Iritzi horretakoak dira Zalbidegoitia, Gabiria eta, orokorrean, nobela grafikoa irakurtzen duen oro. Ahanzturaren zulo beltzetik ateratako kontakizuna da Spielgemanen senideena. Gertakizun traumatikoak jazotzen diren kasu gehienetan bezala, isiltasunaren legea zen nagusi komikilariaren gaztetako etxean. Holokaustoari “Gerra” generikoz deitzen zioten. 70eko hamarkadara arte “holokausto” hitza ez zuen gurasoen ezpainetan entzun. Horrela onartu zuen egileak berak Hillary Chute ikertzaileari eskainitako elkarrizketa batean –dokumentu hori eta beste hamaika 2011. urtean argitaratutako MetaMaus liburuan aurki litezke–. Kontzentrazio esparruetatik ihes egin ondoren, 1950. urte ingururako New York-eko Queens auzora mugitu ziren Spielgemandarrak.
1972. urtean Funny Animals aldizkarian hiru orrialdeko Maus komikia argitaratu zuen. Art gaztea zela aitak eta amak kontatutakoei buruzko oroitzapenekin osatu zuen. Publikazio horren harira, gurasoek kontzentrazio esparruetan eta, orokorrean, Bigarren Mundu Gerran Polonian bizitakoez interesa pizten hasi zitzaion. Anja lau urte lehenago zendu zen eta Vladekekin ez zuen erlazio esturik. Halere, 1972an grabatu zituen lehen aldiz aitarekin izandako elkarrizketak.
Sei urte geroago, aitarengana itzuli eta behin eta berriz grabatu zituen holokaustoari buruz hark esan beharrekoak –haien inguruko lagun eta senideen testigantzak ere jaso zituen–. Aldi berean, eskuragarri zituen dokumentuak eta bibliografia ere arakatu zituen. Auschwitzera ere bidaia egin zuen. Horrekin guztiarekin buru-belarri ekin zion Art Spiegelmanek gurasoen bizipenak kontatzeari. Bere emazte Françoise Mouly-rekin sortutako Raw aldizkarian atalka kaleratzen hasi zen Maus 1977tik aurrera, Pantheon argitaletxeak atalen erdiak bildu eta 1985. urtean lehen liburukia argitaratu zuen arte.
‘Maus’
Egilea: Art Spiegelman. Argitaletxea: Astiberri. Euskarazko bertsioa: Julen Gabiria. Orrialdeak: 296. Kolorea: Zuri-beltza. Edizioa: Azal-biguna, hegalekin. Formatua: 16 x 23 zm. Prezioa: 24 euro.