Actualidad

Melgosak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak norberaren bizitza, familia eta lana uztartzearen alde egiten duen apustua EAE-ko enpresetara iritsi dela

Kontziliazioaren eta Erantzunkidetasunaren eguna ospatzen da gaur
Nerea Melgosa gaurko ekitaldian

Nerea Melgosa sailburuak zuzentzen duen Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak handitu egin du norberaren bizitza, familia eta lana uztartzearen aldeko apustua eta, hala, EAEko enpresei aukera eman die langileek behar pertsonal eta familiarrei erantzuteko aukera izan dezaten neurriak ezartzeko. Gaur, Kontziliazioaren eta Erantzunkidetasunaren eguna ospatzen deta eta, Kontzilia Komunitatea Bilbon batu da, eta ongi etorria eman die hari atxiki berri zaizkion enpresei, guztira 25 direla. Ekitaldian, Nerea Melgosa sailburuak azpimarratu duenez, “Eusko Jaurlaritzak apustu irmoa egiten du familia-politiken, berdintasun-politiken eta zaintza-politiken alde, eta, hala, haur-pobreziaren aurka ere borrokatzen da”. Haren iritziz: “Kontziliazioak atea irekitzen du zaindu nahi duten pertsonek zaindu dezaten, edo baldintza hobeetan zaindu dezaten”.

Hala, iaztik, langileei lan-murrizketak edo eszedentziak hartzeagatik eskaintzen zaizkien laguntza zuzenez gainera, beste laguntza-lerro bat gehiago sortu da, enpresentzako laguntzak, eta haien xedea da enpresek diagnostiko bat eta ekintza-plan bat egin ahal izatea, haien plantilletako kontziliazioa hobetzeko. Gainera, Jaurlaritzak gaian kontzientziatuta dauden enpresei laguntzen die, esperientziak partekatzea eskaintzen duen sare baten bidez, eta aholkularitza indibidualizatua du, Kontzilia Komunitatea. Komunitatekoa izateak doako sarbidea ematen die entitate kideei zenbait baliabidetara: laguntza eta orientazio indibidualizatua kontziliazio-neurriak abian jartzeko; urtean lan partekatuko hiru edo lau saio; kontziliazioarekin zerikusia duten informazioa eta materialak, eta Komunitatearentzako interesekoak diren gaiei buruzko prestakuntza, zenbait arlotako adituen eskutik. Komunitateko kide izan nahi duten enpresei eskakizun bakarra exijitzen zaie: kontziliazioaren diagnostiko eta plan bat izatea (edo hura gehienez bi urteko epean izateko konpromisoa), eta neurriren bat abian jartzeko bitartekoa.

“Kontziliazioaren alde egiten dugun inbertsioa urtean 30 milioi euro baino gehiagokoa da, EAEko familiei laguntzeko abian jartzen ditugun beste neurri batzuk kontuan izan gabe: besteak beste, seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzak; aitatasun- eta amatasun-baimenak parekatzeko laguntzak eta baimenen hedapena guraso bakarreko familietan; seme-alabak hazteko eta mantentzeko hileko laguntza berriak; haurreskolen doakotasuna irailetik; etxean betiON edo OK laguntzak; Gizarte Zerbitzuen zorroa, eta zerga-hobariak”, nabarmendu du Melgosak.

24/03/2023