Gipuzkoa

Mende erdia auzoa egiten

Sallobente elkarteko sortzaileak eta bazkide berriak, larunbatean jaso zuten omenaldian. | ARGAZKIA: BARREN.EUS

Elgoibarko Sallobente-Ermuaran auzoan kokatuta dagoen Sallobente elkartea 1971. urteko iraileko igande batean sortu zen eta ordutik auzotarren ezinbesteko bilgunea izan da beti.

Nekazal auzoko bizilagunek argi dute elkartea ez dela ulertzen auzorik gabe, eta auzoa ez dela ulertzen elkarterik gabe: “Familia osoen bizipenak, lagun taldeen bizipenak eta, azken finean, auzoaren bizipenak daude itsatsita gure elkartearen lau paretetan” diote.

Horregatik, Sallobente baserri auzoko bizilagunek ez zuten huts egin joan den larunbatean elkartearen 50. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldian. Guztira 200 lagun inguru elkartu ziren auzoko erdigunean, meza entzun eta 50. urteurreneko batzordeak prestatutako egitarauaz disfrutatzeko.

“Oso egun polita pasa genuen eta bizirik dauden zazpi sortzaileak eta bestelako bazkide guztiak hunkituta amaitu genuen”, azaldu dute 50. urteurreneko batzordeko kideek.

Ospakizuna hasteko elkarteko hainbat bazkideren testigantzekin prestatutako bideoa eman zuten eta horren ondoren elkartea sortu zuten 29 bazkideetatik bizirik geratzen diren zazpi fundatzaileak omendu zituzten: Sebastian Gorrotxategi, Joxe Bollar, Isaac Osoro, Felix Juaristi, Sabin Txurruka, Kasiano Altuna eta Alberto Aldazabal. Hauek ez zuten omenaldirik espero, eta ezustean jaso zuten lora sorta bana. Gainera, auzoko dantzariek eta musikariek ohorezko aurresku polita eskaini zieten.

Jarraian elkarteko bazkide gazteak omendu zituzten “etorkizuna irudikatzeko”. Era berean, Sallobenterekin lotura berezia duen Angel Mari Peñagarikano bertsolariak bidalitako bideoa ikusi zuten pantailan; eta Antxon Aranburu Usurbilgo lagunak hiruzpalau bertso bota zituen.

Amaitzeko, auzoan bizi den Jasone Osoro idazleak idatzitako Sallobente Elkarteak 50 urte izeneko liburua aurkeztu zuten ; eta, nola ez, bildutako guztientzako mokadutxoa izan zen; lagun arteko giro ezinhobean. l

19/10/2022