Mendi Tour Vital Fundazioa zikloaren 13. edizioak BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia nazioarteko jaialdiko film onenen aukeraketa bat eskainiko du Gasteizen martxoaren 24tik 28ra arte.
Hain zuzen, antolatzaileek jakinarazi dutenez, 2024ko Mendi Film jaialditik aukeratutako alpinismo, eskalada, muturreko eski, nabigazio, highline eta dantza bertikalari buruzko 11 film proiektatuko dira.
Horrela, ikusgai izango diren lanen artean daude The Last Expedition, Wanda Rutkiewicz alpinista poloniar ospetsuaren bizitza eta desagerpena kontatzen duena; Ashima, Ashima Shiraishi neskato eskalatzailea protagonista duena, edota Xavier eta Victor de le Rue izarrek lehenaren alabarekin batera egindako Of a Lifetime.
BESTE DATU BATZUK
Emanaldiak Vital Fundazioaren Kulturunean izango dira, Gasteizen, 19:30ean hasita, eta saio bakoitzerako sarrerak 5 euro balioko du.
Bestalde, Vital Fundazioak Ikasgela Berdeak ekimenaren hirugarren edizioa jarri du martxan, Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH) lotutako ingurumen hezkuntzako hainbat jarduera eskaintzeko Arabako Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ikasleei.
Vital Fundaziotik jakinarazi dutenez, jarduera horietan guztietan lantzen diren gaiek aukera ematen diete ikastetxeei GJH nagusiak lantzeko NBEren 2030 Eskola Agendaren barruan: pobreziaren aurkako borroka, genero berdintasuna, hezkuntza, osasuna, klima aldaketa, planetaren zaintza, hazkunde ekonomiko inklusiboa, hiri eta komunitate jasangarriak, justizia.
Zehazkiago, 'Ikasgela Berdeak' ekimenean lantzen diren GJHak 7.a (Energia eskuragarria eta ez-kutsatzailea), 12.a (Ekoizpen eta Kontsumo Arduratsua), 13.a (Klima Aldaketa) eta 15.a (Lurreko Ekosistemen Bizitza) dira.