Buscar
Cultura

Mendizaletasunak badu etxea Azpeitian

Urte osoan auzolanean aritu ostean, zabalik ditu ateak Mendietxe museoak Azpeitiko Esklaben Komentuan. Alex Txikon alpinistak bultzatu du proiektua
Azpeitiko Eskablen Komentuan bisitatu daiteke Mendietxe museoa.
Azpeitiko Eskablen Komentuan bisitatu daiteke Mendietxe museoa. / Alex Berasategi

Urtez urte pilatutako harribitxiz osatuta dago Mendietxe museoa. Alex Txikon (Lemoa, Bizkaia, 1981) goi-mendizaleak hogei urte zeramatzan mundu mailako mendizaletasunaren historia diren askotariko elementuak biltzen, eta azkenean etxe bat eman die, nahi duen ororentzat eskuragarri eta gozagarri egon daitezen.

Soraluze familiak lagatako eraikinean jarri du museoa, urte osoan auzolanean aritu ostean. Bisitariek mendiarekiko duen pasioa jaso dezaten nahi du Txikonek: “Niretzako ez dago tontorrera iristearekin lotuta, baizik eta bidaiarekin, naturak ematen dizkigun irakaspenekin, une batez gelditu, arnasa sakon hartu eta mundua beste ikuspuntu batetik begiratzearekin”. Hala, goi-mendiko espedizio mitikoetan erabilitako materiala, mendiko tresnen bilduma historikoak, eta “munduko paisaiarik ederrenen handitasuna transmititzen duten” esplorazioen argazkiak ikusi ahalko dituzte Mendietxera hurbiltzen direnek.

Museoaren sustatzaileak pieza guztiek duten “balio ikaragarria” azpimarratu du. Bertan jaso ditu, esaterako, 1953an Manuel Bescós, Alberto Rabadá eta Ángel López Cintero hirukoteak Rigloseko Puro igotzeko erabilitako mailua; Espainiako eski parerik zaharrena; munduan egin ziren metalezko lehen pioleten bilduma oso bat; 1970ean Urriellu mendebaldeko hormako lehen igoeran Jose Luis Arrabalek zeraman jaka; eta goi mendizaletasunaren historia diren mundu osoko espedizioetan erabilitako material ugari.

Txikoni zaila egiten zaio horien artean bakan bat nabarmentzea, denak zaizkio hain berezi: “Pieza guztien kalitateak txunditzen nau, ikaragarri onak diren bildumak daude”, azaldu du. Gaineratu du beste lurralde ba-tzuetako mendiko museoen ordezkariek ere bildumaren kalitatea azpimarratu dutela.

Herriarentzako kultur gunea Lemoarrak nabarmendu du egitasmoaren helburua ez dela piezak eta piezak handinahiez biltzea, “kulturatik herriari ekarpena egitea” baizik. Mendietxe azpeitiar eta mendizale guztien etxea izatea nahi du, eta hasi dira horretarako lehen aleak jartzen.

Azpeitiko Eskablen Komentuan bisitatu daiteke Mendietxe museoa.

Azpeitiko Eskablen Komentuan bisitatu daiteke Mendietxe museoa. Alex Berasategi

Hala, hilabeteko hirugarren ostegun guztietan mendizaletasunarekin lotutako ekintzaren bat antolatuko dute Lagun Onak mendi taldeko kideek, abenduan mendiaren astea prestatuko dute, eta honezkero askotariko solasaldi eta hitzaldiak eman dituzte Mendietxen bertan, museoaren aurkezpen eta bisita gidatuez gain.

Ia oso-osorik borondatezko lanari eta dohaintzei esker sortutako museoa da Mendietxe. Urtarrilean hasi ziren auzolanean Soraluze familiak lagatako eraikinean eta zortzi hilabetetan bazuten dena prest. Azaro hasieran ireki zuten eta geroztik hainbat bisita gidatu eskaini ditu Txikonek berak borondatez. Nork bere kabuz asteazkenetik igandera bisitatu dezake museoa, webgunean eskuragarri dagoen ordutegian.

Herriarentzako eta mendizaletasunarentzako espazioa izatea da Mendietxeren asmoa. Jende askok lan handia egin du aurrera ateratzeko, baina baliabide gutxiko proiektua izanik, sustatzailea beldur da ekimena galduko ote den. Hala ere, itxaropentsu agertu da: “Espero dut jendeak baloratuko duela eta balioa emango diola egindako lanari”. Orain arte jasotako harrerarekin pozik azaldu da mendizalea, jendea Euskal Herri osotik eta kanpotik ere hurbildu delako eta iritzi onak jaso-tzen ari direlako.

Etorkizunean, Azpeitiko Kulturaz kultur kooperatibarekin elkarlana abia-tzeko aukera jarri du mahai gainean. Kooperatibak Sanagustin kulturgunea, Soreasu Antzokia eta Dinamoa sormen gunea kudeatzen ditu, eta Mendietxe bertara batzeko aukera aztertzea gustatuko litzaioke.

Proiektua handitzea

Txikonen hitzetan, Mendietxe “ez da handikeriaz egindako museo bat”. Umiltasunez egin dute lan eta proiektua handitzea gustatuko litzaiokeen arren, bidea pixkanaka egiteko beharra azpimarratu du: “Ikusiko dugu datozen hilabete eta urteetan zelan doan”. 

Komentuko bigarren solairua hutsik dute oraingoz, eta bertan Euskal Mendizaletasunaren museoa zabaltzea aukeretako bat dela azaldu du alpinistak. Mendietxe zabaldu aurretik jarri zen harremanetan EMMOAko zenbait kiderekin; baina ez du ezer gehiago aurreratu, elkarlanerako bidea zabalik dutela baino ez.

Bitartean, Txikonek jarraitzen du mendiko espedizioekin: Mendietxe ireki eta egun gutxira abiatu zen Annapurnara bere taldearekin. Historian behin bakarrik erdietsi dute mendi haren tontorra neguan, Jerzy Kukuczka Yurek eta Artur Hajzer mendizaleek osatutako sokaldi indar-tsuak, hain zuzen. 1987ko otsailaren 3an izan zen, ipar aurpegitik, eta geroztik ahalegindu diren espedizio guztiek huts egin dute.

Hajzerrek Txikoni lagatako lo zaku bat Mendietxen dago ikusgai. Haren eta Kukuczkaren bidea errepikatu nahi du oraingoan lemoarrak, Annapurna tontorra neguan zapalduko duen bigarren espedizioa bihurtu guran.

2024-12-06T16:56:06+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo