Actualizado hace 8 minutos
Urretxu eta Zumarragako Bi-Tartean merkatari elkarteak 3, 2, 1… Udaberria! Berritu, loratu eta aurrera! kanpaina antolatu du udaberriari ongi etorria emateko. Igandean, 10.00etatik 15.00etara, azoka egingo dute Zumarragako plazan. Astelehenetik aurrera 50 euroko erosketa 40 euroan egiteko bonuak salduko dituzte.
Azokan bi herriotako 11 dendek beste horrenbeste postu jarriko dituzte. Titare mertzeriak, Itxura estilistak, Kotoi paper-dendak, Stylo Gorane Dominguez arropa-denda eta ile-apaindegiak, Polita Family Concept Store haurrentzako dendak, Julita mertzeriak, Quo estetika zentroak, Oskarbi zapata-dendak, Alex Kirolak kirol-dendak, Mentxu y Yone haurrentzako arropa dendak eta Xarmanki estetika zentroak parte hartuko dute. Gainera, Aspaceko kideek saskigintza tailerra eskainiko dute. Kuttun lentzeriak dendan bertan parte hartuko du.
Berritasun gisa, herriko sei merkatarik, eskaintzen dituzten zerbitzuen eta esperientzien berri emango dute eta ideiak eta aholkuak eskainiko dituzte 11.30etik aurrer: Belarzain belar-dendak, Natalietta arropa-dendak, Itxura estilistak, Kotoi paper-dendak, Politak eta ATA harategiak.
Merkatariek, beraien produktuak saldu eta hitzaldiak emateaz gain, sariak banatuko dituzte. Egunean zehar egiten diren erosketen artean 100 euroko erosketa baleak zozkatuko dira. Gainera, lehenengo 100 erosketek saria izango dute: Bi-Tarteaneko bazkide diren Hirukia eta Arkupe tabernetan pintxo baten truke aldatzeko tiketak eskuratuko dituzte
Astelehenetik aurrera merkatariek bonuak salgai jarriko dituzte. Bonu horiek eskuratzen dituztenek (40 euro balio dute), denboraldi berriko produktuen erosketetan 40 euro ordainduko dute 50 euroko erosketengatik.
Bonuak Bi-Tartean merkatari elkartearen bulegoan salduko dituzte, agortu arte: astelehen, asteazken, ostegun eta ostiralean 9.00etatik 17.00etara eta asteartetan 9.00etatik 19.00etara. NAN bakoitzeko bonu bat salduko dute eta pertsona bakoitzak lau NAN aurkeztu ahal izango ditu gehienez.