Araba

Merkataritzaren ikusgarritasuna hobetzeko bultzada

Udalak tokiko establezimenduen mapa digitala aurkeztu du “Gasteizko merkataritzaren eta ostalaritzaren ikusgarritasuna hobetzeko”
Hainbat pertsona tokiko denden egindako erosketen poltsekin

Gasteizko tokiko merkataritza bultzatzen jarraitzea eta hiriko kale eta auzoak bizitzaz betetzen jarraitzea. Helburu horrekin, Gasteizko Udalak tokiko merkataritzaren eta ostalaritzaren lehen mapa digitala aurkeztu du gaur. Mapa horrek 500 establezimendu baino gehiagori buruzko informazio zehatza ematen du, guztiak hirian kokatuta. Zehazki, mapa horrek erdiguneko, Zabalguneko eta Antso Jakituna eta Gorbea inguruetako informazioa ematen du.

Maider Etxebarriak, Ekonomia Sustapeneko zinegotzi eta alkateordeak, azaldu duenez, tresna lantzen urtebete baino gehiago daramate eta “hiru helburu ditu: gure negozioen ikusgarritasuna handitzea, herritarrei sektoreari buruzko informazio eguneratua ematea eta tokian bertan erosteko eta kontsumitzeko beharra azpimarratzea”.

Mapa 524 establezimendurekin jarri dute abian eta https://www.vitoria-gasteiz.org/bilatu-hemen helbidean dago erabilgarri. Horren bidez, “hiriko merkataritzako eta ostalaritzako eskaintzaren potentziala” ezagutarazi nahi da eta, horretarako, Udalak landa-lana egin du sektorearekin elkarlanean kokalekuak, deskribapenak, argazkia, helbideak eta telefonoak jasotzeko, Etxebarriak azaldu duenez. Lokal guztiak Aldatu txipa eta bilatu hemen mezuaren baitan jasotan daude, Ekonomia Sustapeneko Sailak joan den urtearen azken hiruhilekoan abian jarritako dinamizazio komertzialaren ildoaren arabera. Ordu hartan, Sailak erosketa arduratsuaren inguruko erabakiak hartzeko garaian, “txipa” aldatzeko deia egin zuen.

"Maparen helburua auzo gehiago sartzea” denez, Etxebarriak aipatu du webgunean alta emateko formulario bat ere badagoela, mapa handitzen denean norbaitek bere negozioa gehitu nahi badu, horretarako aukera izan dezan. Zinegotziak azpimarratu duenez, "Ekonomia Sustapeneko Udal Saileko Merkataritza eta Proiektuak zerbitzuetako langileen inplikazioari eta Eraldaketa Digitalaren Saileko Teknologia Berriak arloaren elkarlanari esker jarri da abian tresna digital honen lehen fasea".

23/03/2023