Mutrikuarrek eta herrira gerturatzen diren bisitariek mota askotako ekintzekin disfrutatzeko aukera izango dute datorren larunbatean Mutrikun. Izan ere, Beheko Plazak herriko ekoizleen produktuak bistaratu eta saltzeko merkatu txikiaren edizio berri bat hartuko du 9.00etatik 14.00etara bitartean; eta horrekin batera eskualdeko gaztagileen azoka eta Mutriku Arraun Taldeak eskainitako atun errea.
Merkatu txikian herrian ekoiztutako hainbat produktu eskuratu ahalko dira: Goienetxeren artzain gazta, Ondare mermelada eta barazki kontserbak, Zortziko artisau eztia, Amaia Aberasturiren artisau lanak, Ekoalboraz-en barazki ekologikoak eta Iratxe Lorak.
Bestalde, Debabarreneko artzainek burutzen duten lana ezagutzera emateko asmoz antolatutako azoka berezian Goienetxe, Mausitxa, Sosola eta Axeleku gaztagileren produktuak erosteko parada izango da. Horretaz gain, herritarrek gaztagileak ezagutu eta beraien produkzioa eta artzaintzari buruzko zalantzak zuzenean argitu ahal izango dituzte.
Azkenik, Arraun Taldeak atun errea eskainiko du 12.00etatik aurrera eta aterako den dirua Arraun Taldeari laguntzeko bideratuko da.