Bizkaia

Miguel Angel Blancoren bahiketari eta hilketari buruzko erakusketa ikusgai dago Izarra Centren

rtzaintzak, Guardia Zibilak eta Polizia Nazionalak elkarlanean antolatutako erakusketa

Izarra Centre eraikinean Miguel Angel Blancoren bahiketaren eta hilketaren 25. urteurrenaren inguruko erakusketa dago ikusgai atzotik datorren uztailaren 24ra arte. Zehazki, Ertzaintzak, Guardia Zibilak eta Polizia Nazionalak antolatu duten erakusketa hiru gunetan banatuta dago gorputz bakoitzerako. Ermuko Udaletik jakinarazi dutenez, sarrera doakoa da.

Inaugurazio ekitaldian Juan Carlos Abascal Ermuko alkateak, Juan Luis Ibarra Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko presidente ohiak, Rodrigo Gartzia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuordeak eta Rafael Pérez Segurtasuneko Estatu idazkariak hartu zuten parte. Bertan izan ziren, era berean, Denis Itxaso Gobernuaren Euskadiko ordezkaria, Isabel Goicoechea Barne Ministerioko idazkariordea, Josu Bujanda Ertzaintzako burua, Jesús Herranz poliziaburua eta Antonio Campos Guardia Zibilaren 11. Zonaldeko burua.

Polizia Nazionalak eta Guardia Zibilak terrorismoaren aurkako operazioetan atzemandako materialak, armak, jantzi bereziak eta informazio-bideoak dituzten pantailak erakusten dituzte.

Ertzaintzaren Errespetua, Memoria, Bizikidetza espazioa 100 metro karratuko eremu batean antolatutako ibilbide inguratzaile eta multisentsoriala da. Erakusketak bereizita baina, aldi berean, elkarren segidan dauden 6 gune ditu, eta osotasunean hartuta esperientzia berritzailea eta dinamikoa eskaintzen diote ikusleari; izan ere, ikus-entzunezko formatuak, esaldiak, poemak, aipuak eta objektuak daude bertan, bai eta erakusketa bisitatzen duenaren ikuspuntua duten interakzioak eta jokoak ere.

Erakusketak argiarekin ere jokatzen du, eta gune intimo eta ilunenetik abiatzen da, ETAren historiaren zatirik ankerrena islatuz. Horien artean dago Miguel Angel Blanco hil zuteneko 25. urteurrenari eskainitako lekua. Euskadiko mapan bildutako leku horretan bideo bat ikus daiteke, atzera-kontaketako formatuan, nolabait bere bahiketaren 48 orduetan bizi izandako larritasun soziala islatzen duena. Bestalde bitrina batean hil zutenetik gaur arte egin den ikerketa osoa biltzen duen polizia-atestatuko 12 liburukien erreplika bat ikusi ahal izango da.

Hortik aurrera, erakusketan pixkanaka-pixkanaka argia sartzen hasten da, eta hurrengo guneetan Ertzaintzaren egungo lana eta gizartearekin duen elkarreragina, gazteen eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako egungo ikasleen lekukotasunak eta euskal gizartearen erresilientzia eta etorkizunera begiratzeko gogoa egiaztatzen duten hainbat esaldi erakusten dira.

Erakusketa beirate handi batean amaitzen da, tranpantojo moduan antolatuta: esaldi batzuk alderantziz idatzita daude, eta ikusleak, irakurri ahal izateko, ispilu-azalera baten aurrean jarri beharko du eta horien artean bere isla ikusi ahal izango du. Erakusketan urruneko errealitate baten ikusle gisa sartzen diren eta bidaia hunkigarri horretan bizi izandako historiaren parte eta protagonista sentituz irteten diren pertsonekin egiten den jokoa da. ETAk eragindako kaltearen gainean hausnarketa egiteko eta norberak bere konpromisoa hartzeko gonbidapena da. Gainera, liburu bat jarri da nahi duenak bere desioak edo sentimenduak adierazi ahal izateko.

10/07/2022