Actualizado hace 4 minutos
Ostiralean Martxoan Bertsoa txapelketako lehen kanporaketa jokatu zen Urretxuko Soraluze tabernan. Miletoko Fideua (Jon Mendizabal, Jon Gurrutxaga eta Jorge Andueza Pitu), Ziripoto (Arkaitz Aizpuru, Mikel Iturriotz eta Gorka Santesteban) eta Antzuolako AET (Jon Mata, Aritz Kortabarria eta Alazne Jauregi) taldeek abestu zuten. Miletoko Fideua taldeak lortu zuen finalerako txartela. Saioa eta giroa bikainak izan ziren.
Ostiral honetan, Zumarragako Huts tabernan, Uxurbil (Antton Fernandez, Uxue Fernandez eta Aitor Agirre), Tupis Tupau (Manex Mantxola, Ander Kerejeta Atxun eta Jon Aztiria) eta Pintto Pintto (Amaia Iturriotz, Eli Zaldua, Ekaitz Samaniego, Paula Amilburu eta Xabi Antia) arituko dira.
Azkenik, martxoaren 14an, Zumarragako Urola tabernan, Bertso Olariak (Ane Beloki, Lierni Ugarte eta Jone Narbaiza), Meaka ala Trekutz? (Mattin Aranburu, Martin Sagastibeltza eta Ibai Zabalo Faran) eta Xelebrek (Uhaitz Oiar-tzabal, Sustrai Goenaga eta Amets Zubizarreta) lehiatuko dira. Saio bakoitzeko irabazlea finalera sailkatuko da. Kanporaketak 22.30ean izango dira eta finala 19.30ean.
Mikel Iturriotz eta Jon Mendizabal bertso eskolako kideek txapelketa ez dutela abesten dutenek bakarrik osatzen gogoratu nahi dute. “Hainbat lagunek parte hartzen dute asteroko lanetan: ekipoa muntatu, gaiak sortu, epaile lanak, gai jartzaile lanak, sare sozialak… Era berean, aurtengo edizioko kartel ederra Maddi Mantxolak egin du, eta ATA harategiak eta UZGA gazte asanbladak ere euren aletxoa jarri dute. Alde horretatik behintzat, Martxoan Bertsoaren osasuna ona da”.
Martxoan Bertsoa martxoan zehar egiten duten bertso zikloa da. Indarrik gehien taldekako txapelketak baldin badu ere, beste zenbait ekimen antolatzen dituzte. Aurten, bertso jarrien emanaldi musikatua eta bertso ikastaroa antolatu dituzte. Bertso ikastaro irekia 21ean izango da, 19.00etan Urretxuko kultur etxean. Gerraz bertso jarrien emanaldi musikatua martxoaren 27an izango da, 19.00etan Zumarragako kultur etxean.
Gerraz bertso jarrien emanaldi musikatuaren estreinako emanaldia izango da. Negu Hurbilak taldearen eskutik, XX. mendeko gerrei jarritako bertsoak entzungai izango dira Zumarragako kultur etxean, musikak lagunduta.
Ikastaroa Bertso ikastaroari dagokionez, helburua txapelketarako bertsolariak lortzea da. Izan ere, gazteak ez dira txapelketan parte hartzera animatzen. “Zikloak aurtengoa 23. urtea duen arren, azken urteetan belaunaldi berriek taldekako txapelketan parte hartzea asko kostatzen ari zaigu. Horrek antolatzaileok hausnarketa prozesu batean murgilarazi gaitu. Egia da badaudela gurekin beste modu batera lanean dabiltzanak (gai jartzaile, antolakuntza lanetan…), baina uste dugu belaunaldi gazteagoen parte hartzerik gabe taldekako txapelketak zentzua galduko lukeela”.
Ia edonor txapelketan parte hartzeko gai dela uste dute. “Sinetsita gaude Martxoan Bertsoako oholtzara ia edonor igo daitekeela kantura. Egiazki, horixe da helburua: herriko saltsero eta bertsozale orori lekua egitea”.