Buscar
Gipuzkoa

Mineralogia eta Paleontologia Astea martxan da Urretxun

Urretxuko udaletxeko sarreran Alberto Fernandezek egindako dinosauroak ikus daitezke
Alberto Fernandezek egindako bi dinosauro. | ARGAZKIA: A.Z.
Alberto Fernandezek egindako bi dinosauro. | ARGAZKIA: A.Z.

Mineralogia eta Paleontologia Astearen 34. edizioa martxan da. Urteroko moduan, irteera mineralogikoarekin hasi da. Asteazken honetan erakusketa ireki zuten udaletxeko sarreran, ostegunean bisita gidatuak hasiko dira eta ostiralean mineral, fosil eta harribitxien azoka eta parkea irekiko dira.

Irteera mineralogikoa larunbatean egin zuten. Mineralogia zaleak Nafarroako Los Arcos herriko Emilia meategira joan ziren.

Asteazken honetan Urretxuko udaletxeko sarrerako erakusketa ireki zen. Bertan, Alberto Fernandez Blanco zumarragarrak egindako dinosauroak ikus daitezke. Fernandezek umetan ezagutu zuen Mineralogia eta Paleontologia Astea. 1988an bisitatu zuen lehenengoz, 9 urterekin. Bertan zaletu zen eta ordutik ez du inoiz kale egin. Aurten, bere dinosauroen eskutik, protagonistetako bat izango da. Fernandezek berak sortutako dinosauroen erreplikak ekarri ditu.

Erakusketan, modu didaktikoan aurkeztutako hamar erreprodukzio horiez gain, Javier Aguado adituaren fosilak ikus daitezke. Ostegunean eta ostiralean erakusketa 17.00etatik 20.00etara irekiko da eta larunbatean eta igandean 10.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 20.00etara.

Bestalde, ostegunean Urrelur museoko bisita gidatuak hasiko dira. Museoa kultur etxeko beheko solairuan dago. Bi zati ditu: mineralei buruzkoa eta fosilei buruzkoa. Ostegunean eta ostiralean 17.00etatik 20.00etara irekiko da eta larunbatean eta igandean 10.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 20.00etara.

Aste honetan bisita gidatuak doan izango dira. Ostegunean ikastetxeen bisita gidatuak hasiko dira. Txanda hartu duten ikastetxeetako ikasleek mineralen eta fosilen munduaz gozatzeko aukera edukiko dute.

Larunbateko eta igandeko bisita gidatuetan, berriz, nahi duten guztiek parte hartu ahal izango dute. Hiru bisita gidatu egingo dira: 12.30ean (bisitariek adostutako hizkuntzan), 18.00etan (euskaraz) eta 19.00etan (gazteleraz). Kultur etxeko beheko solairuan, museoaz gain, tailerrak daude. Bertan, mineralen ezaugarriak ezagutzeko aukera ematen da.

Hitzaldi bat ere antolatu dute. Jose Maria Hernandez geologoak emango du, larunbatean 12.00etan Urrelur museoan. Duela ia 100 milioi urte Urretxun egondako sumendi erupzioez hitz egingo du. La Palmako bulkanismoarekin alderatuko ditu.

Ostiralean, berriz, mineral, fosil eta harribitxien azoka eta mineralogia eta paleontologia parkea irekiko dira. Feria Ederrena pilotalekuan egingo da eta parkea Iparragirre plazan egongo da. Biak 10.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 21.00etara irekiko dira, ostiralean, etzi eta igandean.

Mineral, fosil eta harribitxi azokan txoko guztietatik etorritako saltzaile eta adituak elkartuko dira. Parkeari dagokionez, haurrek historiaurreko emakumeek eta gizonek bezala margotzeko, putzu batean urrea bilatzeko, meategi batean lan egiteko eta dinosauro bilakatzeko aukera edukiko dute.

Argazki lehiaketa batean parte hartzeko aukera ere egongo da. Heldu eta gaztetxo onenentzako sariak egongo dira. Oinarriak urretxu.eus webgunean kontsulta daitezke.

2022-11-03T20:27:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo