Buscar
Cultura

“Moda eta diseinuaren bitartez, euskal ondarearekin zerikusia duten istorioak plazaratzen ditugu”

“Moda eta diseinuaren bitartez, euskal ondarearekin zerikusia duten istorioak plazaratzen ditugu”
“Moda eta diseinuaren bitartez, euskal ondarearekin zerikusia duten istorioak plazaratzen ditugu”

2016. urtean bihurtu zen modu ofizialean Oihane Pardo donostiarra diseinatzaile, arkitektu lana alde batera utzi eta Amarenak sortu zuenean. Sei urte beranduago, eta Elkanok eginiko mundu biraren 500. urteurrena goraipatzeko modu gisa, garai hartako janzkeran inspiraturiko bilduma sortu du, atzo Cristobal Balenciaga Museoan aurkeztutakoa. Egunkari hau egun batzuk lehenago, pasa den asteazkenean, abuztuak 31, aritu zen berarekin solasean, proiektu honen inguruko nondik norakoak jakiteko nahian.

Nola sortu zen proiektu hau?

–Amarenakekin beti egiten duguna, moda eta diseinuaren bitartez, euskal ondare eta kulturarekin zerikusia duten istorioak plazaratzea da. Elkanok egindako mundu bira, bai euskaldunentzat eta bai itsasoaren historian, egiten den mugarririk handiena dela esaten da. Oso interesgarria iruditzen zitzaigun arreta bertan ezarri eta horren inguruan bilduma bat sortzea. Orain dela lau urte Jon Irurtzun aurkeztu zidaten, Elkano Fundazioaren zuzendaria, eta berarekin hizketan hasi zen bilduma hau osatzearen ideia. Mundu biraren abentura honek zer suposatu zuen ikertzen hasi ginen eta, istorio horretan murgilduta, konturatu ginen Elkano mundu bira amaitu zuen ontziaren kapitaina izatea ez zela kasualitatea. Ezagunagoak dira garaiko baleazaleak eta itsas-gizonak, jakitun tekniko handiak zituztelako, eta Euskadin ere oso aurreratuak geunden ontzigintzan. Azkenean, kontatu beharreko istorio bat zegoela iruditzen zitzaidan eta horrela izan zen.

Nola izan da dokumentazio lana?

–Mundu biraren inguruko informazioa bilatzea ez da oso zaila izan, zeren gainera urte honetan, irailaren 6an, 500 urte betetzen dira mundu bira hori osatu zutenetik. Urteurren honek hiru urte iraun ditu, eta denboraldi honetan, batez ere Elkano fundazioak bultzatuta, informazio asko plazaratu da. Baina egia da jantzien inguruan ez dagoela hainbeste informazio; hori pixka bat zailagoa izan da, baina badaude beste dokumentu batzuk. Horretan Euskal Itsas Museoko teknikarien laguntza izan dugu; oso interesgarria den garai hartako liburu bat ere badago, hondarribiar batek egina, mundu mailan ezagutzen den joskin-tzako lehen tratatua dena... Azkenean, leku askotan bilatuz, lortu dugu jakitea nola janzten ziren garai hartan, batez ere itsas munduaren inguruan. Egia da emakumeak ezin zirela itsasontzietan sartu, zorte txarra ematen zutela esaten zutelako, eta guk bilduman sartu nahi genituen. Horregatik, arrain saltzaileek beren lana buru-tzeko eramaten zituzten arropa motak begiratu ditugu.

Zer hartu duzu kontutan trajeak sortzerakoan? Piezak ez dira %100 garai hartan erabiltzen zirenak...

–Amarenaken ez dugu sekulan hori egiten. Gure filosofia aitzinako istorio eta jantzi hauek berriro plazaratzeko eta berreskuratzeko erabilgarriak izan behar direla da. Guk egiten duguna zuk eguneroko bizitzan jantzi dezakezun arropa sortzea da, istorio hau kontatzen duena, ondare hori berreskuratzeko, berritzeko eta berriro kalean jartzeko. Ez dira guztiz berdinak, baina jantzi horien arima eta inspirazioa hartu dugu eta garai hartako koadro eta irudi famatu asko ikusi ditugu. Gure nahia kolaboratzea ere izan da; honelako bidaietan ikasi dugun zerbait da elkarlana oso garrantzitsua dela. Beste artisau, artista, diseinatzaileekin elkarlanean aritu nahi genuela pentsatu genuen eta era kolaboratibo batean sortzea proposatu genuen.

Zer nolakoak dira bilduma hau osa-tzen duten piezak?

–Bildumako jantzi gehienak unisex dira, nahiz eta argazkietan edo desfileetan emakume edo gizon batek eraman. Bestalde, ez dira jantzi denak ekoiztu; denen erakusgaiak egin ditugu, baina ez ditugu denak ekoiztuko. Bilduma osoa 16 piezek osatzen dute eta denetatik dago. Adibidez, alpargata batzuk ditugu, euskal kulturarekin zerikusi handia dutenak. Baditugu bi praka ere, bat motza eta bat luzea. Praka luzea eta beste zenbait pieza, alkandora eta top bat, esaterako, zero zabor teknikarekin diseinatzen saiatu gara. Gaur egun oso modan dagoen zerbait da, baina betidanik egin dena: diseinuak oihal guztia erabiliz egitea eta, kasu honetan, antzinako patroietan oinarritu gara. Txapela ere badaukagu, bildumako koloreekin apainduta doana, eta pamela, garaian erabiltzen zituzten saskietan inspiraturikoa. Zetazko zapi bat ere izango da, besteak beste, garai haietan ia emakume guztiek eramaten zuten jantzia izanik.

Zer espero duzu Balenciaga museoko ekitaldiaren inguruan?

–Egia esan, larunbateko ekitaldia, niretzat, lan eta istorio guzti honek merezi duen itxiera da; edo hasiera, zeren aurkezpen ofiziala da. Guretzat oso garrantzitsua zen Getarian egitea eta herriko beste bizilagun garran-tzitsuena Balenciaga izanik, moda munduan erreferente dena, aurkezpena bere museoan egitea lortu izana, Getariako udalaren laguntzarekin, izugarrizko aukera da eta ilusioa egiten digu. Ekitaldia era desberdin batean egiten saiatu gara, ez desfile baten moduan. Performance bat egingo dugu gure bezero eta lagunekin; jende arrunta izango da, pieza hauek edonork jantzi ditzakeela ikusarazteko. Guk beti esaten dugu istorio hauek era artistiko batean eta modari lotuta erakutsi behar direla. Egia esan, oso pozik gaude, jende askok parte hartuko duelako.Lanpetuta gabiltza, baina oso pozik; espero dugu zerbait polita ateratzea eta, batez ere, jendeari istorio hau gerturatzea eta honen bitartez garai hartako marinelak eta itsas pertsonek egin zuten lana eta izandako trebezia ezagutaraztea.

Elkano fundazioarekin elkarlanean jarraitzeko intentziorik bai?

–Sortu zirenetik egon gara haiekin elkarlanean, urteurren honek iraun duen denboraldi guztian eta, egia esan, oso eskertuta gaude haien babesagatik. Urteurrenaren amaierarekin, ez dakit oso ondo zer gertatuko den fundazioarekin; bai mantenduko dela, baina ez hain indartsu. Baina kontuan hartu nahi bagaituzte, bai Elkano Fundazio bezala, bai indibidualki, beti prest izango gara horrelako proiektu politak egiteko eta plazaratzeko.

Honez gain, baduzu beste proiekturik eskuartean?

–Guk bi fronte ditugu. Bat Elkano Fundazioarentzat egindako bilduma hau bezalakoak sortzea da, kaleko jende arruntarentzat egiten ditugunak, beti euskal kultura eta ondareko elementuak kalean jartzeko eta jendeak jan-tzi ahal izateko ideiarekin. Arlo horretan, baditugu zenbait proiektu,baina oraindik ezin dut asko zehaztu; asko ditugu buruan, baina ez dakit zein izango den hurrengoa. Beste arlo bat ere badaukagu, non enpresa, entitate eta instituzioentzako lanak egiten ditugun; lana askoz pertsonalizatuagoa da. Hor ere bagabiltza; ezin dut asko kontatu, baina baditugu proiektu handi batzuk eskuartean; adibidez, zenbait musika talderentzat arropa ekoizten ari gara, orain dela gutxi sortu dugu Donostian ireki berri duten Muka jatetxearentzat arropak, baita Tolosan dagoen Ama tabernarentzako jantziak ere. Beti ditugu, zorionez, gauza asko eskuartean.

2022-09-05T06:23:03+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo