Urteto lez, Bilboko kaleak piratez, pailazos, animaliez eta beste hainbat pertsonaiez mozorrotutako ehunka pertsonekin bete dira aratusteetako larunbat handian. Egun berezi eta dibertigarri hau Mozorro Lehiaketa klasiko eta tradizionalarekin hasi da 16:30ean, non lagunek eta familia osoek parte hartu duten.
Goizean, bilbotarrek umeentzako tailerrak, Gargantua, Erraldoiak eta Buruhandiak, Bilboko gaiteroen doinuak eta jai-gunearen irekiera gozatu dituzte, Bilboko aratusteetako pertsonaiarik maiteenekin, Farolin eta Zaranbolasekin. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziak eta Jaietako Batzorde Mistoak ez dute ekitaldia galdu gura izan.
Hiriak ekitaldi ugari jaso ditu, horien artean Plaza Biribileko swing tailerra, Banakako Mozorro Lehiaketa Berasategi kalean eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren dantza klasikoak Arriagako Plazan. Kale Nagusian ere “Gure lurreko merkatua” merkatu klasikoaz gozatu ahal izan da, eta Plaza Biribilean Bilboko Lindy Band-en kontzertua egon da.
Arratsaldean, 16:30etik aurrera, mozorro onenek hiriburuko kaleak hartudituzte Mozorro Lehiaketaren kalejira tradizionalarekin. Beste behin, Plaza Biribiletik Areatzaraino abiatu da. Bertan, 17:15ean, Oinutsik Erromeriak kontzertua eman du. Bitartean, Berastegi kalean, 17:30ean hasi eta 20:00ak arte, Sardinarekin “selfie” bat atera ahal izan dute.
Jaiak Areatzan jarraitu du 19:30ean, Plaza Barriraino joan den zirku kalejirarekin, eta bertan banatu dira Mozorro Lehiaketako sariak (20:30). Jardunaldiari amaiera emateko, Demode Quartet taldearen musika ikuskizuna izan da 21:30ean eta Meridian eta Arde Marte taldeenak, 23:00etan, Plaza Barrian.