Actualidad

Mugikortasun Elektrikoari eta Ekonomia Zirkularrari buruzko bi jarduera jarri ditu abian Eusko Jaurlaritzak

Eusko Jaurlatitzako Lehendakaritzak antolatutako topaketa

Eusko Jaurlatitzako Lehendakaritzak bi topaketa antolatu ditu otsailean, non zientzia, teknologia, enpresa eta administrazioko hainbat erakundetatik etorritako ia 100 pertsonak parte hartu duten. Lehenengo jardunaldia, otsailaren 2an antolatutakoa, Mugikortasun Elektrikoari buruzkoa izan zen; otsailaren 3koa, Ekonomia Zirkularrari buruzkoa.

Jardunaldien helburu nagusia izan da gaitasunak, lan-ildoak edo ideiak dituzten I+G+b-ko erakunde eta eragileen arteko topaketa erraztea, horien konbinazioa lagungarri izan litzatekelako Ikerketa eta Garapeneko Zeharkako Trakzio Proiektu Kolaboratiboak diseinatzeko Laguntza Programaren 2023ko deialdian eskabideak aurkezteko.

Jardunaldien lehen zatian, Cristina Uriartek, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Komisionatuak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2030 Planaren esparruan kokatu ditu ekimen berri horiek. Gogorarazi du espezializazio adimentsuko RIS3 arloen arteko zeharkako kolaborazioa indartzera eta, ikerketa eta berrikuntzatik abiatuta, euskal gizartearen erronka handienetako bati aurre egitera bideratuta daudela. Amaitzeko, trakzio-proiektuak diseinatzeko laguntza-programa berriaren ezaugarri nagusiak aurkeztu ditu. Programa horren deialdia otsailaren 2an argitaratu da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Jardunaldien bigarren zatian, dinamika bat egin da lan-mahaietan, eta, horri esker, bertaratutakoek elkar ezagutu ahal izan dute, eta trakzio proiektu berriak aurkeztera eraman ditzaketen gaitasunak, lan-ildoak edo ideiak partekatu ahal izan dituzte. Lan-mahaietan lortutako emaitzak jardunaldiaren amaierako osoko bilkuran parte hartu duten pertsona guztiekin partekatu dira, ezagutza partekatzeko eta kolaborazio berriak identifikatzen laguntzeko.

Mugikortasun elektrikoari dagokionez, erronka orokorra honela definitzen da: mugikortasun jasangarrian oinarritutako eredu berri bat eta berotegi-efektuko gasen emisio baxuko garraio bat sustatzea, ibilgailu elektrikoari lotutako balio-katea bultzatuz, gaitasun industrialetan eta zientifiko-teknologikoetan oinarrituta. Ekonomia zirkularrean, erronka orokorra da Euskadiren trantsizioa bultzatzea, baliabideen erabilera eraginkorragoa izan dadin, ekoizpen- eta kontsumo-eredu berri baterantz bideratutako berrikuntzaren bidez.

07/02/2023