Bilboko Udalak hogeita bat herrialdetako berrogeita hamar gazte hartu ditu ostegun honetan Bilbon, hiriko historia eta leku enblematikoak ezagutzeko. Hain zuzen ere, Juan Sebastian Elkanok lur-globora egindako espedizioan inspiratutako Munduko Itzulia (Vam) proiektuaren lehen edizioaren parte dira.
Magallanesen eta Juan Sebastián Elkanoren itzuliaren bosgarren mendeurrenean inspiratutako kultura-ekimena da, eta jatorrizko espedizioko kideek bizitako esperientziak gogora ekartzea du helburu.
Bidaiaren bertsio moderno honetan, uztailaren 21etik abuztuaren 12ra, planeta lehen aldiz inguratu zuten marineletako batzuk jaio ziren lekuak bisitatuko dira. Zeharkaldia prestatu eta amaitu zen leku enblematikoak ere bisitatuko dituzte: Madril, Gaztela eta Leon, Nafarroa, Getaria (Elkanoren jaioterria), Bilbo. Eta Lisboan, Monsanton edo Porton (Magallanesen jaioterria) ibilbideak egingo dituzte.
Bilboko eskala aprobetxatuz, gazte horiek udaletxea eta uriaren historia ezagutu dituzte, alkatearen eskutik. Itsas Museoa, Arte Ederren Museoa, Guggenheim museoa eta Zazpikaleak bisitatuko dituzte hurrena, eta itsasadarrean zehar ibilaldi bat egingo dute. Bisita horretan, Xabier Ochandiano Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako eta Enpleguko zinegotzia beraiekin egon da.
Juan Mari Aburtok BALIOEN garrantzia gogorarazi die, gazte horiek zeharbide berezi honetan gauzatzen ari diren helburuetako bat. “Ibilbide honetan zuek egiten ari zareten bezala, gure hirian bultzatzen ari garen proiekturik berrienetako batek balioekin du zerikusia, pertsonei lehentasuna emanez, inor atzean utzi gabe eta gure ingurunea zainduz. Proiektu honetan –adierazi du– talentuaren, ekintzailetzaren eta prestakuntzaren alde lan egiten dugu, orainean pentsatuz, baina, batez ere, utzi nahi dugun etorkizunean pentsatuz”.
Munduko Itzuliaren misioetako bat, hain zuzen ere, gazteei bizitzeko beste modu bat irakastea da, solidarioagoak eta toleranteagoak izan daitezen eta ingurumena errespetatu dezaten.