Bizkaia

Mungiak Liburu eta Diskoen Azokaren edizio berri bat antolatu du

Apirilaren 1etik 10era ospatuko da Mungiako Liburu eta Diskoen Azoka

Mungiak Liburu eta Diskoen Azokaren edizio berri bat ospatuko du Udalaren, Euskadiko Liburu Ganbararen, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailaren laguntzarekin. Apirilaren 1etik 10era bitartean, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, Matxin Plazak literatura-denda, argitaletxe, banatzaile eta erakunde desberdinetako 14 salgune hartuko ditu, "euskal idazleak eta amatasuna protagonista nagusi izango diren azokan", azaldu dute Mungiako Udaletik.

Mungiako azokak 2022ko euskal liburu-azoken denboraldia estreinatuko du (14 guztira, Euskal Autonomia Erkidego osoan), eta egileekin egoteko aukera eskainiko die bisitariei, baita musika eta literaturako nobedadeak erostekoa, %10eko deskontua lortzekoa edo hainbat jardueratan parte hartzekoa ere. "Literatura, musika eta, oro har, kultura gustuko dutenentzat topagune izango da aurten ere azoka. Aurten, euskal emakume idazleen garrantzia azpimarratuko dugu Amatasuna ikuspegitik azalduta, izan ere, euren lana nekaezina gure kulturaren sostenguaren oinarrietako bat da", azaldu du Elizabeth Bilbao Udaleko Euskara eta Kultura Saileko zinegotziak.

"Aipatzekoa da Miren Agur Meabe idazle ospetsuak emango duen Amatasunari buruzko hitzaldia, 2021ean Espainiako Poesia Saria jaso baitzuen (sari hau eskuratu duen lehen euskalduna), Nola gorde errautsa kolkoan liburuagatik". Ekitaldia apirilaren 7an, ostegunean, izango da Torrebillelan, 19: 00etatik aurrera. Azokara bertaratzen direnek euskal literaturako nobedadeak aurkitu ahal izango dituzte bertan, "hala nola Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala, Kirmen Uriberen Izurdeen aurreko bizitza, Karmele Jaioren Aitaren etxea, Lander Garroren Faith eta Jon Arretxeren Dortoken begirada", besteak beste.

Haur eta gazte literaturari dagokionez, azpimarratzekoak dira Toti Martínez de Lezea idazlearen Lurren abenturak edo Pirritx eta Porrotxen lanak. Ohikoa denez, gaztelaniazko literaturak ere presentzia handia izango du, besteak beste, Julia Navarro, Dolores Redondo, Isabel Allende, Arturo Pérez-Reverte, Juan Gómez Jurado, Javier Sierra... idazleekin.

musika eta idazleak

Musikak ere tartea izango du Matxin Plazan; eta besteak beste, Jabi Muguruza, Iker Lauroba, Petti, Maite Larburu, Gatibu, Zea Mays, Go!azen, Benito Lertxundi, Urdangarin, Ruper eta Kalakanen diskoak erosteko aukera eskainiko du azokak. Azkenik, asteburuan "hainbat artista pasatuko dira Mungiatik euren obrak eskaintzera eta publikoarekin hitz egitera; kasurako, Jon Arretxe, Anton Arriola, Miren Palacios, Miren Amuritza...".

Beste alde batetik, 23an eta 24an (larunbat eta igandean) Bildumazaleen XVIII. Feria antolatu da. Erakusketa, salmenta eta trukeak egiteko aukera egongo da bertan Bitxikiak Bildumazaleen Alkartearen eskutik. Udal Kiroldegian, Legarda aterpean eta Udaletxeko erakusketa gelan izango da. Liburu azokak Mungiako erdigunera hurbilduko du kultura, hainbat jarduerarekin eta liburu zein musika salmenta postuekin. Pixkanaka-pixkanaka, udalerriak horrelako kultur ekitaldien ospakizuna berreskuratzen ari da.

31/03/2022