Buscar
Cultura

Musika espresio bideen esploratzaileak

Mirua hirukote gipuzkoarrak bere lehen diskoa aurkeztu berri du, bi abeslarien ahotsak, pop estiloa eta elektronika uztartuz, sintetizadoreen erabilerarekin. Iaz Gaztea Irratiko Harrobia saria irabaztea bultzada izan zen beraien sorkuntza lanak publiko au
Argazkian, Malentxo Zeberio, Maitane Iruin eta Mattin Zeberio Miruako kideak.
Argazkian, Malentxo Zeberio, Maitane Iruin eta Mattin Zeberio Miruako kideak.

Euskal Herriko musika sorkuntza betidanik oparoa eta anitza izan da. Hainbat talde eta estilo sortu eta desagertu dira, bidean abesti desberdinak garatuz. Azken urteetan, gainera, teknologia berriek sorkuntza lana beste era batekoa izaten lagundu dute, komunikazio bideek eskaintzen dituzten aukerengatik eta ordenagailuek ematen duten erraztasunekin. Harrobi horretatik atera den azken harribitxiak txori izena dauka, Mirua, hiru partaidek osa-tzen dute eta Durangoko Azokan aurkeztu dute beraien azken lana, pop-a eta elektronika uztartuz.

“Bertigo handia ematen duen zerbait da lan bat argitaratzea. Horren pertsonala den zerbait ateratzea eta publikoari eskaintzea”, Malentxo Zeberio abeslariaren esanetan. Maitane Iruin eta bere neba Mattin Zeberiorekin batera Mirua osatzen duten hirukotearen erpinetako bat da. Azken urteetan egindako lanaren fruitua jasotzen ari dira orain, sari eta onespenekin. “Bai emaitza gurekiko eta bai jendearengandik jasotzen ari garen erantzunarekin oso pozik gaude”. Taldearen izen bereko lanak sei abesti batzen ditu, bi emakume abeslarien ahotsak eta sintetizadoreak nahastuz. 2019tik, taldea ofizialki sortu zen urtetik, lan handia egin dute, pandemiaren arazoei aurre eginez tartean eta esplorazio lanetan beraiek gustukoen duten espresatzeko modua bilatuz. “Denbora generaman abestiak sor-tzen eta esploratzen, oraingoz guri gehien gustatu zaigun musika estiloa topatu arte, edo gehien espresa-tzen laguntzen diguna”.

Beraien ibilbide laburrean sariak ere jaso dituzte, besteak beste, entzute-tsuena Gaztea Irratiak antolatzen duen maketa lehiaketan irabazi zuten Harrobia saria: “Guretzat suposatu zuen esku artean geneukan proiektuaren azkeneko bultzada”. Lehiaketara aurkeztu aurretik bi abesti zituzten entzungai Mirua taldekoek. Beraien helburua disko bat osatzea zen, baina argitaletxe baten babesa izateak maila berri batera eraman ditu, musika munduan buru-belarri sartuz. “Edozein sari irabaztea bezala motibazio handi bat izan da, baina gehienbat babesa eta baliabideak eman dizkigu aurrera egiteko”.

Taldearen sorrera

Mirua taldearen sorrera familia kontu bat bezala izan zela pentsa daitekeen arren, Malentxo eta Mattin neba-arrebak baitira, sorburua Maitane eta Malentxoren arteko adiskidetasunari esker izan zen. “Txikitatik generaman elkarrekin abesten Maitane eta biok, gitarrarekin lagunduta eta momentu batean gure abesti propioak sortzen hasi ginen”, Zeberiok azaldu duenez. Han-hemenka kontzertutxoak ematen zituzten eta bitartean Mattin produkzio munduan sartzen joan zen. Beraien bideak elkartzera behartuak zeuden. “Biok batera entseatzen genuen eta Mattin bertan egoten zen. Egun batean, gure abesti bat batu genuen Mattinen base batekin eta emaitza entzunda esan genuen: ostras! Hau gustatu zaigu”. Hortik aurrera esperimentatzen hasi ziren, orain Mirua dena sortu zen arte.

Beraien estiloa hyperpop bezala deskribatu izan badute ere, Mirua taldeko partaideek ez dute mugarik jarri nahi sortze lanari dagokionez. Zeberiok azaltzen duenez, “hyperpop-aren erreferentzia abesti zehatz batzuei dagokienez izan daiteke. Nik uste dut abesti bakoitzak pertsonalitate nahiko desberdina daukala”. Maitane Iruin eta bera kontserbatorioan daude gaur egun jazz ikasketak egiten, hortaz musika erreferen-tziak anitzak dira beraientzat. Erreferente bezala nor duten galdetuta, etxeko zein kanpoko taldeak aipa-tzen dituzte. “Oraintxe PinkPantheress-ekin gaude nahiko obsesionatuta, asko gustatzen zaigu. Clairo, Mura Masa, eta Euskal Herri mailan, Merina Gris da elektronika mundu hori ari direnak esploratzen. Esango nuke zentzu horretan nahiko eklektikoak garela, estilo desberdin asko entzuten eta bakoitzak sor-tzen diguna ateratzen”. Batzuetan gitarrarekin konposatzen dute eta gero jartzen diote sintetizadorea. Beste batzuetan, aldiz, soinu berriak sartzen dituzte akustikoan entzutea ohituta dauden abesti batean. “Feedback konstantea daukagu eta abestiak eskatzen diguna topatzen saiatzen gara dauzkagun baliabideen bitartez”.

Kontzertu gosea

Abendu hasieran Durangoko Azokan izan ziren beraien lehen lana aurkezten, bertan bizitakoarekin poz-pozik bukatuz. “Gure lehenengo lana izanda, lehenengo LP-a, eta Durangoko Azoka bezalako toki baten aurkezteko aukera izatea guretzat pasada bat izan da”. Publikoaren beroa eta hurbiltasuna jasotzeko aukera izan zuten, lehenengo Oso Polita diskoetxearen postuan eta, bestetik, Ahotsenean zuzenean jotzeko aukera izan zutenean. Epe laburrean kontzertuak emateko nahia agertu dute, baina hori Malentxo Zeberio Italian egiten ari den Erasmus beka bukatzerakoan izango da. Orain arte oso kontzertu gutxi eman badituzte ere, taula gaineko esperientzia badaukate partaideek eta Zeberiok abisatzen duenez, “kaña emateko gogoa daukagu martxotik aurrera”.

2023-01-04T10:12:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo