Buscar
Cultura

Musika ikasturte berrirako erronka gisa

Ikastera gogotsu bueltatzeko asmo motibatzailea da musika
Dato Duo sintetizagailu eta jostailuak musika egiteko duen ahalmenak jostailua baino askoz gehiago dela uzten du agerian.
Dato Duo sintetizagailu eta jostailuak musika egiteko duen ahalmenak jostailua baino askoz gehiago dela uzten du agerian.

Aurten bai, uda bere horretan disfrutatu ahal izan dugu! Eta noski, musikaz beteta. Jaialdiak, herrietako jaiak, raveak, DJ saioak… Gurean uda beti izan da musika zuzenean disfrutatzeko sasoia, eta uda honetako bueltan pandemia osteko gogoa asko igarri da. Musika jaialdiak gora arte, herrietako jaiak musikaz gainezka, artista handien birak… Baina hara, iraila heldu eta ikasturtea hasteko garaia iritsi zaigu berriz ere. Koaderno eta boligrafo berriak, eta noski: erronka berriak. Soinutopiatik musika ikastera animatzen zaituztegu, besterik ezin dugu egin. Oso hedatuta dago musika ikasteko modu bakarra solfeoa dela, baina musika ulertzen hasteko beste modu asko daude. Hemen material eta tresna garaikide sortatxo bat. Animo bueltarekin!

Ableton: Learning synths

Sintesiaren arloa zaila izan daiteke ulertzen, baina soinu eta musikaren oinarria da. Soinuaren sintesiaren bitartez egiten dira gaur egun entzuten ditugun instrumentu digital gehienak. Boltaiaren bariazioen bitartez (edo horren simulazio baten bitartez, ordenagailuan) bateria baten bonbo soinutik biolin baten soinura arte eratu ditzakegu. Bada, sintesia erraz ulertzeko tutorial interaktibo bikaina sortu du Ableton enpresa alemaniarrak. DAW (Digital Audio Workstation) software famatuena eratu zuen enpresa honek (Albeton Live) pisu gutxikoa, argia, intuitiboa eta funtzio askotakoa: osoa. Web orria ere oso interesgarria da, bai musika ekoizpenari buruz ikasteko eta baita musika berria ezagutzeko ere. Bada, bertan, hamar bat kapituluen bitartez azalpen argiz, eta gai bakoitzeko adibide koloretsu eta interaktiboei esker (mugitu ditzakezun kontrol argigarriak) sintesiaren oinarriak azaltzen dira. Bukatzerakoan, sintetizagailu baten alderdi guztiak erabiltzen jakingo duzu: uhin motak, oszilagailuak, filtroak… zure lagun frikienen elkarrizketak ulertuko dituzu behingoz!

Musescore

Musescore partitura ediziorako tresna baino gehiago, partituren datu base itzela da. Dohainik, softwarea deskargatu eta zuk zeuk idatzi ditzakezu zure abestien partiturak eta webgunean partekatu, edo beste norbaiten abesti bat transkribatu eta han dauden bestelako bertsioekin alderatu. Gero, beste erabiltzaileek igotako partiturak jaitsi ditzakezu nahi duzun formatuan. Abestiak belarriz ateratzeko komeriak egoten direnean edota baita abesti herrikoi edo klasikoen partiturak azkar topatzeko irtenbide erosoa dira horrelako webguneak. Baina honek daukan onena da partiturak ez daudela instrumentu bati lotuta. Adibidez, Ultimate Guitar orrialdean sekulako abesti pila jotzeko tablaturak lortu daitezke, baina bakarrik hari instrumentuz jotzekoak (eta gehienetan, pop-rock estilokoak). Musescoren, ordea, ez dago mugarik: edozein instrumentu eta edozein estilotako kantak topatu daitezke. Horrela, inprimatuta edo bestelako euskarritan (mugikorra, tableta…) bilduta eduki ditzakegu jo nahi ditugun abestien partiturak, edonon jotzeko prest!

Dato Duo

Dato Duo hiru urtetik 99 urtera arteko pertsonentzako sintetizagailua da. Bi lagunek aldi berean erabiltzeko diseinatu zuten David Mentingek eta Toon Weelingek 2016an. Alde batean sintesia lantzen da: soinua eragin eta zizelkatzeko, filtroekin jolasteko eta efektuak gehitzeko. Beste aldean sekuentziagailua du. Zortzi notako loopa, melodiak konposatzeko teklatua, abiadura kontrola… Baina, kasu! Ez dira bi instrumentu, tresna bera kontrolatzeko bi alde baizik. Hau da, bertatik aterako den soinua bakarra izango da, bi aldeen artean konposatutakoa. Kontrol eta botoiak sendo eta koloretsuak dira, eta marrazkien bidez ulerterrazak. Gainera, bestelako instrumentu eta efektuak gehitu ahal zaizkio kable sarreren bitartez. Jostailu baten itxura du, eta horrela erabili daiteke, noski. Baina musika egiteko duen ahalmenak jostailua baino askoz gehiago dela argitzen du. Soinuak kalitate profesionala du, baina aldi berean diseinuak umeek musika kontzeptu oinarrizkoak ikastea ahalbidetzen du.

Sonic Pi

Eszena eta mundu propio bat sortu da Sonic Pi bezalako softwareen inguruan. Algoritmo kodeen bitartez ordenagailu bati instrukzioak emanez musika (eta bestelako sormen prozesuak) egiteari Live Codinga deitzen zaio. Zuzenezko kodeketa, alegia. Aldi berean berridatzi daitezke kode bidezko instrukzioak, performanceak irauten duen bitartean aldatzen joateko. Gainera, saioetan pantaila proiektatu ohi da. Horrela, publikoak artistek egiten dituzten aldaketak ikus ditzake. Beraz, oso erlazionatuta dago inprobisazioarekin eta noski, kodearekin. Beste software asko erabiltzen dituzte Live Coderrak algorave (algoritmoa + ravea) deitutako jaietan: Super Collider, Pure Data, Max… Baina Sam Aaronek Raspberry Fundazioarekin batera 2012an Cambridgeko Unibertsitatean garatutako Sonic Pi hasteko oso gomendagarria da hainbat arrazoiengatik: kode sinplea da, erabiltzeko nahiko erraza (tutorial oso txukun eta arinarekin) eta noski, kode irekian eta dohainik. Eskoletan umeei kodeari buruzko oinarrizko kontzeptuak azaltzeko erabili omen da eta musika ulertzeko mundu berri bat zabalduko dizu!

2022-09-22T17:35:02+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo