Cultura

Musika-Música jaialdiak 70 kontzertu baino gehiago ekarriko ditu Bilbora

Bilboko Udalak MUSIKA-MÚSICA jaialdiaren 22. edizioa aurkeztu du

Bilboko Udalak Musika-Música jaialdia jarriko du martxan martxoko lehen asteburuan 'Notak & Letrak' izenburupean. Festa musikal honen 22. edizioa ohiko maratoi formatuan egingo da, 70 kontzertu baino gehiagorekin hiru egunetan (martxoak 3, 4 eta 5), aldi berean Euskalduna Jauregiko espazio desberdinetan. Juan Mari Aburto, Bilboko alkateak adierazi du Bilbo "kulturaren erdigunea" izango dela, eta baita ere "musika klasikoaren Europako hiriburua 70 emanaldi baino gehiagorekin, 1.400 musikarirekin, 800 profesionalekin eta geografiako hainbat tokitako 600 ikaslerekin, Kontserbatorioetako ikuslego, profesional, amateur, familia, haur eta ikasle guztiak konkistatzeko pentsatutako programa paregabean”.

Arriaga antzokiak, Jaialdiko anfitrioi gisa, William Shakespeare-k idatzitako antzezlanean inspiratutako Felix Mendelssohn-en “El sueño de una noche de verano” lanaren irekiera kontzertua hartuko du martxoaren 3an, ostirala, 19:00etan.

Beethoven, Liszt, Chaikovski, Purcell, Schubert, Schumann, Bizet, Strauss edo Marais bezalako musikagileen eta Byron, Virgilio, Goethe, Ibsen, Ovidio, Cervantes, Shakespeare edo Tolstoi bezalako literaturagileen lanen bidez jaialdian zehar izango diren uztarketen artean lehena izango da.

Musika-Música, Estatuko horrelako Jaialdi bakarra, gaur goizean aurkeztu dute Udaletxeko Gela Arabiarrean Juan Mari Aburto Alkateak eta Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza Zinegotziak, Begoña Escribano Jaialdiko zuzendariak lagunduta, baita hiriko musika-sektoreko eta udalbatzako ordezkari batzuek ere. Biek musikaren eta literaturaren arteko loturak aztertuko dituen topagune baten xehetasunak azaldu dituzte. Bi kode horiek, “duten unibertsaltasunagatik eta irismenagatik, giza komunikazioan nabarmentzen dira, fonemetan eta musika-soinuetan soinudun egiten diren esanahi ugarien irudikapen grafiko gisa”.

Ekimenaren dibulgazio-izaera “kalitate artistiko goreneko mailarekin” uztartuko da, eta, interpreteen artean, aurten, lehen aldiz, Vienako Haur Kantariak, Budapesteko Anima Musicae Ganbera Orkestra, Israelgo Ganbera Orkestra, Ensemble Masques, 5+1 biolontxeloen Ensemblea, Mandelring, Atenea Quartet, Signum Quartet eta Messiaen hirukotea, Rafael Adobas txirulari gaztea eta Steven Lin pianojolea hartuko ditu Jaialdiak.

08/02/2023