Hilaren 22an Santa Zezilia eguna izango da, musikarien zaindariaren eguna. Testuinguru horretan, Tobera Musika eta Dantza Eskolako Mutiloako, Segurako, Zegamako eta Zeraingo ikasleek kalejira eta kontzertua eskainiko dute biharamunean, azaroaren 23an. Musika-saioa, Musika-Eskolen Elkarteak antolatutako Musikalean ekimenaren baitan kokatzen da; izan ere, Tobera elkarteko partaide da.
Kontzertua Segurako Botikaxahar aretoan izango da, arratsaldeko 18.30ean; baina aurretik, 18.20ak aldera, trikitilarien kalejira abiatuko da herriko plazatik. Andre Madalen, Santimamiña, Neska Zaharrak eta Beti Eskamak Kentzen kantuek girotuko dute Segura musikarien zaindariaren omenezko kontzertua hasi baino lehen.
Aurtengo Euskaraldiari keinu eginez eta Tobera Arigune dela kontuan izanda, musika-saioan joko diren abesti gehienak euskaldunak izango dira, hain zuzen ere %70. Besteak beste, Mikel Laboaren Txoria Txori, ETS-ren Ametsetan, Txirri Mirri eta Txiribitonen Paristik natorren eta Kortaturen Sarri Sarri kantak interpretatuko dira.
Emanaldiko argazkiak ikusgarri egongo dira kontzertuaren hurrengo egunean, Mutiloa, Segura, Zegama eta Zarain batzen dituen Tobera Musika eta Dantza Eskolaren webgune (www.tobera.org ) eta sare sozialetan.