Eusko Jaurlaritzak dikea luzatzeko obrak esleitu ditu, babes dikea Mutrikuko Udalak onartuta duen Plan Berezian jasota dagoen bezala lagatzeko. Hori dela eta, herritar talde bat elkartu da eta Danborzaleak mugimendua sortu du, “portu berriaren aurka lan egiteko”.
Plataforma eratu duten mutrikuarrek jakinarazi dute ez direla alderdi politiko bat eta ez daudela ez EH Bilduren ezta EAJ-ren aurka baina batzea erabaki dute “egin nahi duten astakeria herritarrok batuta bakarrik gelditu dezakegulako”.
Danborzaleak plataformako kideek “informazio falta” somatzen dute “Jaurlaritzaren eta Udalaren aldetik” eta “isiltasuna” salatu nahi dute.
Izan ere, beraien ustetan, “dikea luzatzeak, izango duen tamaina, luzeera eta orientazioa ikusirik, beronen eta danborraren arteko uren okupazioa du helburu”.
Are gehiago, mutrikuar hauek ez dute zalantzarik: “Jaurlaritzak aspaldian hartuta duen kostaldearen kudeaketa eta ustiapenerako politika kontuan hartuta, okupazio hori kirol portu baten bidez egingo da”.
Horregatik, uste dute “lehenago edo beranduago, orain arteko danbor, piszina eta hondartza inguruaren erabilera murriztu edota debekatuko dizkigutela”. Hala, taldeak “dikearen luzatze lanak alde batera utzi eta orain dagoen zatia errematatzea” eskatzen dute.