Bizkaia

Eklosio historikoa Urdaibain

Landa con sus polluelos.

GOIZEKO 6.14 dira, eta azkenik! Landa eta Royren lehen bi arrautzak hautsi dira. Kantauri kostalde osoko lehen arrano arrantzaleeren jaiotza zuzenean ikusteko aukera izan dugu". Hala zioen, atzoko goiz partean Urdaibai Bird Centerrek bidalitako mezuak. Izan ere, pozteko albistea eman zuten ornitologia zentroko arduradunek. Orain urte nahikoa hasitako berreskura-tze proiektuak bere fruitua eman zuen. Urte luzez esperoan ziren albistea ematea posible izan zuten. Jaioak ziren txita bi, eta hirugarrena bidean dela azaldu dute.

Arrano arrantzaleak berreskuratzeko ekimena luzea izan da, kasu batzuetan zaila ere. 2013. urtean ekin zioten, Eskoziako Highlands lurraldeetatik ekarritako zenbait txito lekualdatuz eta Urdaibaira ekarriz. Hurrengo bost urteetan 60 izan ziren, guztira. Dorre baten haziak, Afrikarainoko bidaiak egin izan dituzte horietako batzuek, urtero-urtero. Eta hainbat arrisku sahiestu behar izan dituzte. Urdaibaira ekarritako Roy arra eta Frantziako hezegune baten jaiotako Landa emea izan dira, azkenean, Biosfera Erreserban kokatu ziren bi arrano, eta arrautzak egin zituztenak. Esperoak atzo izan zuen bere amaiera, albiste pozgarriarekin gainera.

Bitartean, ornitologoak euren zaintzan aritu dira. Bai bertaratzen ziren bakoitzean -euren urteroko milaka kilometrotako bidaian sorterria den Urdaibai dute gogoko-, eta baita bereziki azken aste hauetan ere, zeinetan zaintza berezia izan dute kamara baten bitartez. "Jakin bagenekien naturarekin jokatzen genuela. Edozein arazo sortuta, arrano arrantzaleek euren habia utz zezaketela. Natur-prozesu baten menpe geundela, eta edozer gauza pasa zitekela", ziotenez. Tartean ere hainbat ikusle izan dute bidelagun.

"Gaur egun, Biosfera Erreserba honek badu bandera-espezie bat, hau da, espezie ikusgarri eta mediatiko bat, ikono gisa erabil daitekeena habitataren kontserbazioa sustatzeko eta, aldi berean, hain erakargarriak ez diren edo hain ezagunak ez diren beste espezie batzuen kontserbazioa sustatzeko", ziotenez. Eta hirugarren txita bat jaiotzeko esperantza ere badute, "nahiz eta jakin badakigu, basa-bizitzaz ari garela eta txitak edo gazteak galtzea ez dela arraroa naturan. Hilabete barru, bizirik dirauten gazteei eraztunak jarriko zaizkie, migrazio-bidaian jarraitu ahal izateko. Egun horretan izena jarriko zaio gazte horietako bakoi-tzari eta, horrela, gertuagoko bihurtuko ditugu".

Urdaibaiko Erreserba Biosferak baditu horrela beste bi ikur. "Datozen egunetan lanez gain arituk dira Roy eta Landa. Baina ikus-entzule guztientzat, hau hasi baino ez da egin! Ikusgarriena txiten elikaduraz gozatu ahal izatea baita. Roy eta Landa etengabe arituko dira txitentzako arraina ekarriz, muxarrak, lazunak eta platuxak izango dira beraientzat elikagai nagusia". Azkenik, "orain da unea amets hori egia bihur zedin lagundu dutenak oroitzeko, Urdaibai Bird Centerreko arduradunen esanetan. "Alde batetik, Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Gautegiz Arteagako Udala bezalako erakundeak, zeinen parte-hartzerik gabe hori ezinezkoa izango zatekeen. Eta, bestalde, parte hartu duten eta arrakasta horren benetako arduradunak izan diren boluntario guzti-guztiak".

31/05/2021