Actualidad

Nafarroako emakume kirolariak ikastolan

'Nafarroako emakume kirolariak' planaren eskutik, Nerea Ibinaga mailu jaurtitzailearen bisita izan genuen ikastolan
Erentzun Ikastolako ikasle taldeetako bat, Nerea Ibinaga mailu jaurtitzailearekin.

Hilabete honetan, aski ezaguna den efemeride bat ospatu dugu: Nazioarteko Emakume Langilearen Eguna. XIX. mende bukaeran eta XX. mende hasiera tartean New Yorkeko ehungintza lantegi bateko emakume talde batek greba egin zuen lan baldintza, soldata eta eskubide duinak aldarrikatuz. 1975ean NBEk, Nazio Batuen Erakundeak, hala izendatu zuen martxoaren 8ko data, eta orduz geroztik emakumeen eskubideak eta berdintasuna aldarrikatzeko eguna dugu.

Aurrerapen handiak egin diren arren, oraindik, emakumeen berdintasunaren bidean lan handia egin beharra dago. Horregatik, sektore bakoitzak ere ekimenak bultzatzen ditu, bide hori erraztu nahian. Kirol munduan, emakume eta gizonen artean dauden desberdintasunak nabarmen ikus daitezke eta emakumeek badute presentzia bertan, baina ez nahi adina ikusgarritasun. Nafarroako Kirolaren Institutuak, emakumeek Nafarroako kirol jokoetan duten egoera aztertu du eta horren ondorioz Kirola eta emakumeak plana osatu du. Plan honen helburua, kirol-jarduera areagotzea eta emakumeek kirola behar baino lehen uztea geldiaraztea da. Hori dela eta, ekintza asko egiten dituzte eta horietako bat, Nafarroako emakume kirolarien ikastetxeetara bisita da.

Nafarroako Emakume Kirolariak plana

Eskolaren eginkizunetako bat ikasleen ongizate fisiko zein emozionala bultzatzea izanik, jarduera fisikoari garrantzia handia ematen zaio, eta hala egiten dugu Erentzun Ikastolan. Skolae programan sartuta egonik, ikasleriari berdintasunean bizitzen ikasteko ekimenak aurrera eramaten ditugu eta horregatik, Nafarroako Emakume Kirolariak planean parte hartzen dugu.

Aurtengoa bisita jasotzen dugun bigarren urtea da, iaz Aintzane Gorria, borroka librean ibiltzen den kirolaria izan zen gurean eta aurtengoan Nerea Ibinaga mailu jaurtitzailea izan dugu.

Nerea Ibinaga, Zizur Nagusiko mailu jaurtitzailea da. 23 urtez azpikoen Espainiako txapelduna da eta 2022ko denboraldian Nafarroako errekorra gainditu zuen 60,92 metroko jaurtiketarekin.

Berari esker, atletismoan dauden diziplina ezberdinak ezagutzeko aukera izan dute gure ikasleek. Horrela, poliki-poliki, gure egunerokotasunean ikusgarritasun nahikoa ez duten kirolekin harremana izateko aukera izan dute eta akaso zaletasun edo aisialdirako aukera berrietarantz ateak ireki. Eta horretaz gain, emakumeak kirolean duen presentzia baloratu eta kirol munduan dituzten erreferenteen zerrenda aberastu egin da.

Hasieran aipatu bezala, oraindik ospatu behar ditugu Emakume Langilearena bezalako egunak, berdintasunaren bidean gaudelako; baina ez litzaiguke gustatuko Emakume Kirolariak bezalako ekimenik ez izatea, horrelako apustuak beti izango baitira aberasgarri eta onuragarriak, batez ere gure eta gure ikasleen ikaspenerako.

Etiquetas
31/03/2023