Astelehenean negu beteko eguraldiarekin hasiko da astea. "Giroa motela izango da, behe-hodeiak nagusi izanik", azaldu dute Euskal Metereologia Agentzia Euskalmetetik.
Ildo beretik, bertatik gaineratu dutenez, elur-kota itsas mailara jaits daiteke eta bezperan baino prezipitazio apur bat gehiago egingo du, baina batez ere egunaren erdiko orduetan botako du, orduan baliteke Kantauri isurialde barnealdean zaparrada mardulagoren bat botatzea. "Iparraldeko haizearen menpe jarraituko dugu, batez ere kostaldean eta mendi inguruetan zakar ibiliko da. Aroa oso hotza izango da, balio altuenak 2-6 graduren bueltan geldituko dira eta beste egun batez izotza egingo du", azpimarratu dutenez.
Bestalde, Gipuzkoako barnealdean, Arabako erdialdean, Bizkaiko barnealdean, Ebro ondoko eskualdean, Bizkaiko kostan, Gipuzkoako kostan eta itsasoa abisu horia mantenduko da elurragatik 00etatik 24etara ordu lokala. Elur-kota 0-100 metro inguruan egongo da eta egun amaieran 200 metrora igo daiteke. Prezipitazio txikia egingo du, egunaren erdialdeko orduetan ugariago; orduan ez da baztertzen zaparrada ertain batzuk botatzea Kantauri isurialdearen barnealdean.
Bestalde, asteartean tenperatura hotzak eta giro traketsak jarraipena izango dute. Maximoak koska bat igo daitezke, baina hotza nagusi izango da beste egun batez, "ipar-haizearen menpe jarraituko baitugu eta Ebro ibarrean ziertzoak zakar joko du". Behe-hodei dezente agertuko dira, Nafarroan hegoaldean ostarte batzuekin. Prezipitazio txikia egingo du eta elur-kotak baxu jarraituko du, 100-400 metro inguruan.