Buscar
Cultura

“Nire aitaren alaba ez izaten saiatu naiz disko honetan”

Musikari bezala izaera propioa aldarrikatze aldera, Esti Markezek bakarkako bere lehen diskoa, ‘Hitzekin jolasean’, argitaratu du eta Aian aurkeztuko du hilaren 19an.
Esti Markez-ek bere bakarkako lehen diskoa kaleratu du, 'Hitzekin jolasean'.
Esti Markez-ek bere bakarkako lehen diskoa kaleratu du, 'Hitzekin jolasean'.

Bertigorik sentitu al duzu bakarkako ibilbide hau abiatzeko garaian?

Pixka bat bai. Aurreko diskoan, Azalberritzen deiturikoan, nire aita izan nuen alboan eta orain bizi ditudan gauza asko niretzat berriak dira: sorkuntzatik hasi diskoa atera arte, dena da berria. Dena da berria eta arraroa (barreak). Orain ez daukat agertokian edo elkarrizketetan aurretik aitarekin nuen babesa, orain bakarrik nago.

Halere, aita hurbil ere mantendu duzu. ‘Notak airean’ kantan parte hartu du.

Aitak asko lagundu dit diskoan. Abesti horren letra Jon Martinena da, nik musikatu nuen eta aitak kolaboratu egin du. Disko berri honetan bere ahotsa ere egotea nahi nuen, neurri batean, nahiz eta sorkuntza prozesuaren zama nik eraman dudan.

Zure aitaren alaba izate hori onerako da edo zama bat suposatzen dizu?

Biak. Gauza on pila bat ekarri dizkit, ate piloa ireki dizkit, musikan bere eskutik sartu naizelako. Bestela, bidea askoz zailagoa izango zen. Alderdi txar bat badu, noski, beti izango naizela Mikel Markezen alaba. Disko honekin, hain zuzen, nire aitaren alaba ez izaten saiatu naiz. Esti Markez izan nahi nuen eta bestelako musika bat egin, pop rocka. Beti “Mikelen alaba” esan izan didatenean nire buruari galdetu izan diot “Orduan, noiz izango naiz Esti Markez?”. Halere, aitari oso gauza graziosoa hasi zaio gertatzen: sei-zortzi urte bitarteko umeek “Esti Markezen aita zara” diote. Nire aita ezagutu beharrean ni ezagutzen naute, eta berari oso arraroa iruditzen zaio (barreak).

Betidanik musikara jo nahi izan duzu?

Nire ahizpa eta biok musika asko entzun izan dugu txikitatik, aitak etxean asko jotzen zuelako. Egia da, halere, inoiz ez dudala sortzeko gogorik izan, itxialdia iritsi zen arte, behintzat. Musika konposatzen hasi nintzen eta asko gustatzen zitzaidala konturatu nintzen. Momentu horretara arte inoiz ez nuen sortu. Esango nuke, itxialdi horrek niri gauza onak ekarri dizkidala.

Zer bilatu nahi izan duzu ‘Hitzekin jolasean’ diskoarekin?

Freskotasuna, alaitasuna. Jendeak nire diskoa entzutean alai sentitzea. Hori transmititu nahi nuen. Badaude gizartearen inguruan hausnartzen duten letrak ere, adibidez, errefuxiatuen arazoen edo osasun mentalaren ingurukoak. Sortzen dudanean zerbaiten inguruan hausnartuz egiten dut. Barruan ditudan gauza guztiak idatziz edo abestuz ateratzen ditut.

Diskoan Eñaut Elorrietak eta Arkaitz Minerrek ere kolaboratu dute.

Oso polita izan da. Eñauti bi abesti bidali nizkion berak zeinetan kolaboratu nahi zuen erabaki zezan. Lehen momentutik baietz esan zidan, eta Ametsez ezin da bizi kantua aukeratu zuen. Arkaitzi dagokionez, Azalberritzen diskoaren biran, kontzertuetan gurekin jotzen zuen. Eta abesti bat biolinekin ikusten nuen, eta zein hobeto Arkaitz baino biolina jotzeko. Garazi Esnaola pianistak ere Bi begirada abestian parte hartu du.

Alaia Martin eta Jon Martin ere hiru abestiren letragile izan dira.

Jon Martinek letra bat idatzi zuen eta nirekin gogoratu zen. Momentu horretan sorkuntza prozesuan nintzen, baina berak ez zekien. WhatsAppez bidali zidan letra eta pila bat gustatu zitzaidan. Gitarra hartu eta segituan musikatu nuen. Onena abestiari dagokionean, melodia banuen, baina letrarekin blokeaturik nenbilen. Orduan, Alaiari esan nion letra guztia borratuko nuela eta ea berak musikaren gainean berri bat idatzi zezakeen. Alaiak ere idatzitako Bi begirada aurretik ere jotzen nuen baina ez zegoen inon jasorik eta disko berrian grabatzea erabaki nuen.

Azaroaren 19 hasiko duzu bira, Aian gainera, etxean.

Topera ari gara entseguetan. Gogotsu gatoz. Egia da lehen kontzertua etxean eskaintzea babes handia dela, baina bertigo pixka bat ere ematen du.

Osasun arloko ikasketak egin ostean hori ere baduzu ogibide. Musikak eta osasungintzak ba al dute zerikusirik?

Berez, ez dute zerikusirik. Komunean duten gauza da, jendeari laguntzeko balio dutela. Nire musikak jendeari lagundu ahal badio, oso pozik egongo naiz. Nahiago nuke musikara bakarrik dedikatu baina Euskal Herrian oso zaila da. Horregatik, biak uztartzen ditut.

2022-10-09T06:06:04+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo