Actualidad

Nola berritu da Gasteizko Andre Maria Zuria?

'Conservación y restauración de Nuestra Señora de la Virgen Blanca de Vitoria-Gasteiz' argitalpenaren aurkezpena egin du Foru Aldundiak
Argitalpenaren aurkezpenean egindako irudia

Kultura eta Kirol Ministerioak, Espainiako Kultura Ondarearen Institutuko Zuzendariordetza Nagusiak proposatuta, Conservación y restauración de Nuestra Señora de la Virgen Blanca de Vitoria-Gasteiz argitalpena argitaratu du. Bertan, "Arabako eta, bereziki, Gasteizko herritarrentzat hain maitea den elementu hori zaharberritzeko prozesua kontatzen da", adierazi zuten atzo Arabako Foru Aldundiatik argitalpenaren aurkezpenean.

2016an, Kultura eta Kirol Ministerioak, Espainiako Kultura Ondarearen Institutuaren (IPCE) bidez, Gasteizko zaindari den Andra Maria Zuriaren irudia zaharberritzeari ekin zion, Andra Maria Zuriaren Kofradiaren eskaera bideratu ondoren, Gobernuaren Euskal Autonomia Erkidegoko Ordezkaritzaren bitartez, kofradia horrek zaintzen baitzuen. Eskultura Arabako Foru Aldundiaren Zaharberrikuntza Zerbitzuaren tailerretan zegoen, 2007an bertara eraman zuten-eta Done Mikel elizatik, agertzen zituen kontserbazio arazoengatik; izan ere, "han jarrita zuten lekuaren eta jasan izan zituen egintza bandalikoen ondorioz kaltetuta zegoen". Haren ordez, kopia bat jarri zen nitxo batek babestuta, eta jatorrizko irudia hura egonkortzeko tratamendu egokia jasotzeko zain geratu zen.

IPCEk, Arabako Zaharberrikuntza Zerbitzuarekin lankidetzan, esku hartzeko helburuak, irizpideak eta metodologia ezarri zituen, eta "horiek guztiak lanak kontratatzeko beharrezkoak ziren agiri teknikoetan eta zuzendaritza fakultatiboak ezarritako jarraibideetan islatu ziren". "Esku hartzearen azken helburua Gasteizko kultura ondarearen eskultura enblematiko horren kontserbazioa bermatzea zen, baina, gainera, eskultura polikromatuko beste esku hartze batzuetan aplikatzeko jarduketa eredu bat ezarri nahi zen. Lan haren guztiaren emaitzak edizio bat du argitaratuta orain, eta Gasteizen aurkezten da", ondorioztatu zuten.

26/02/2023