Nazioarteko ikerketa batean, nekazaritza intentsiboko eremuetako, eremu erdinaturaletako eta eremu naturaletako erleen egoera ikertu du UPV/EHUko Applied Genomics and Bioinformatics taldeak, erlauntza unitate gisa hartuta. Ikusi dute erleen mikroorganismo-multzoa nabarmen aldatzen dela antropizazio-mailaren arabera. Habitat erdinatural batean 16 egunez edukitzeak arindu egin du nekazaritzak erlauntzetan eragindako desoreka mikrobianoa.
Hala, Mendebaldeko ezti-erlea (Apis mellifera) arriskuan dago gizakien menpe dauden eremuetan bizi dituzten estres-faktore askoren ondorioz; besteak beste, nutrizio txarra, pestizidak eta patogenoak. “Badira zenbait urte agerian geratzen ari dela erleen heriotza-tasa asko handitu dela; horregatik, duela sei urte inguru ikertzen hasi ginen erlearen mikrobiotan zer faktorek duten garrantzia eta horrek zer lotura duen erleen gaixotasunekin edo osasunarekin”, azaldu du Iratxe Zarraonaindia Applied Genomics and Bioformatics taldeko Ikerbasque ikertzaileak.
Ikertzaileek gradiente argi bat aurkitu dute antropizazio-mailarekin eta erlauntzako mikrobio-komunitatearekin lotuta: “Unije irlako erlauntzaren mikrobiota orekatuagoa dago, mikroorganismo onuragarrien proportzioa handiagoa da eta erdinaturalean jaitsiz doa; nekazaritzako eremuan, berriz, erlauntzak oso konposizio desorekatua dauka, bakterio oportunista gehiago aurkitzen dira, eta gaixotasunekiko sentikorragoa da”, azaldu du Zarraonaindiak. Ikertzailearen arabera, “estres-faktoreak oso aktibatuta daude nekazaritza-eremuetan”.
Erlauntza bere osotasunean ikertu dute, ez erlea bakarrik. Horixe da ikerketa honen gako garrantzitsuenetako bat: “Ikuspegi berritzailea da hau. Erlauntzan dauden nitxoetako mikroorganismoen multzoa, apibioma, ikertu dugu. Erleen hesteak, erlauntzaren sarrera, erle-ogia (erleak elikatzeko gaia) eta erlauntza barneko airea ikertu ditugu”. Lehen esan bezala, Arsenophonus bakterioa nekazaritza-eremuan da ugarien, eta joera hori nitxo guztietan topatu dugu. Beraz, oso biomarkatzaile egokia da nekazaritzak erlauntzetan zer eragin duen eta erlauntzek zer osasun duten neurtzeko; gainera, “metodo hau ez da inbaditzailea, erlauntzaren sarrerako lagin bat hartuta jakin baitaiteke hori”.