Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko, aldarrikatzeko eta euskararekiko konpromisoa adierazteko eguna da gaurkoa, baina horrek ez du ezkutatu behar benetako errealitatearen gordina, hau da, hizkun-tzaren erabilera normalizaziotik urrun dagoela eta euskara baztertua eta debekatua izan dela, eta hein batean oraindik ere bazterketa eta debeku zantzu batzuk pairatzen dituela. Egoera hori benetan gaindituko bada, euskaraz hitz egitea eta euskaraz bizitzea bermatua egon beharko du.
Normalizaziotik urrun dagoela konturatzeko datu bat: orain dela hiru hamarkada baino 300.000 elebidun gehiago dago egun Euskal Autonomia Erkidegoan, baina biztanle euskaldunen artean soilik %20k ematen dio euskararen erabilerari lehentasuna, eta beste %9k bi hizkuntza tartekatzen ditu. Gainerako %71k gazteleraren unibertsoan murgilduta bizi du bere egunerokoa.
Denboraren joan-etorrian, euskara baztertua eta debekatua izan da eta horrek, ezinbestean, euskararen atzeraldia eta motelaldia ekarri du. Historiari erreparatuz gero, ikusten da 1866. urtean, Euskadiko biztanleen %57 zirela euskaraz hitz egiteko gai, eta gaur egun %30 dira euskaldunak. Azken 75 urteetan handituz joan da euskaraz dakitenen kopurua, eta euskarak beste esparru ba-tzuk irabazi ditu; besteak beste, hezkuntza sisteman, esparru publikoan eta arlo sozioekonomikoan.
ERABILERA
Gauzak horrela, euskarak gaur egun duen erronkarik handienetako bat euskararen erabilera zabaltzea da. Erabilera hori nahiko ohikoa da hezkuntzan, administrazio publikoetan eta euskal kulturan, besteak beste, lan arloan, justizian, ekonomian eta gizarte harremanetan. Bilbo, Donostia edo Gasteiz bezalako hiri handietan gainditu beharreko gaia da. Izan ere, nahiz eta euskaldunen kopurua etengabe hazi den, euskararen erabilpena landa guneetan baino dezente txikiagoa izaten jarraitzen du, batez ere Gipuzkoan, horietako batzuetan hizkuntza hori baita komunikazio hizkuntza nagusia. Helburu horri aurre egiteko, euskal erakundeek euskararen erabilera sustatzeko ahaleginak egiten dituzte aspalditik.
Begi bistan da euskara gaixo dagoela, baina era berean ezin da ukatu hizkuntza berreskuratze prozesu sakon baten dagoela euskal erakundeen eta bestelako gizarte eragileen eskutik. Horri esker euskararen, eta euskaldunen, eguneroko bidegurutzeak itxaropen izpi bat dute.
Bidegurutze hori sortzen duten eragileak identifikatzea da erronka nagusia eta horretan lagungarri izan daiteke Europako Batzordea bezalako kanpo eragile batek irailean argitaratu zuen txostenaren ondorioei erreparatzea.
Euskadin euskararen erabilera eta sustapena, bizitza publikoan zein pribatuan, neurri handi batean ez da oraindik nahikoa Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Itunean hartutako konpromisoak urratzen dituzten epai judizialen ondorioengatik. Europako Batzordeak ohartarazten duenez, gabezia handiak daude gure hizkuntza administrazio publikoan edo sistema judizialean ezartzean. Epaileak euskararen normalizazioa helburu duten neurri, arau eta legeak baliogabetzen ari dira azken urteetan, eta euskararen normalizaziorako politika publikoak hankaz gora jartzen.
Euskararen normalizazioa eragozteko asmoz emandako sententzia judizialak metatzen ari dira, eta bide horretan jurisprudentzia bat gara-tzen ari da, funtzio publikoan euskarak izan behar duen tokiaren inguruan doktrina aldaketa bat dakarrena, beti euskararen kaltetan.
Aditu independienteak egin ohi dituzte Europako Batzordearen txostenak eta kasu honetan funtzionarioen artean euskararen ezjakintasuna azpimarratzen dute. Izan ere, %11k bakarrik dute euskaraz erraztasunez moldatzeko gaitasuna. Gainera, zerbitzu publiko gehienek ez dute hizkuntza horretan jardute berma-tzen, batez ere polizian eta osasun zerbitzuan.
NAFARROAN
Nafarroari dagokionez, Europako Batzordeko adituek adierazi dute, oro har, euskara bizitza publikoan eta pribatuan bultzatzen eta sustatzen dela, baina aldi berean argi uzten du gaur egun hiru hizkuntza-eremutan (euskalduna, ez euskalduna eta mistoa) dagoen banaketa administratiboa oztopo bat dela euskara Foru Komunitatean sustatzeko, eta zonifikazioa kentzeko eskatu du.
Nafarroan, Estatuko Administrazioarentzat lan egiten duten funtzionarioen %1ek baino ez du euskararen ezagutza operatiboa eta itzultzaile bakarra du. Kasu honetan ere auzitegiek oztopoak jarri dituzte.