Buscar
Gipuzkoa

Oarsoaldeak abuztuan lau turismo bulego zabalik izango ditu

Errenterian bik eta Oiartzunen eta Pasaian banek eskualdeko informazioa azalduko dute
Oiartzungo turismo bulegoko barrualdea. | ARGAZKIA: N.G.
Oiartzungo turismo bulegoko barrualdea. | ARGAZKIA: N.G.

Oiartzun – Abuztuan bertakoei eta bisitariei Oarsoaldeko ondare kultural eta naturalari buruzko ahalik eta informazio zabalena emateko asmoz, lau turismo bulego zabalik egongo dira eskualdean: Errenterian bi eta Oiartzunen eta Pasai Donibanen bana.

Oiartzungo turismo bulegoa Arizmendienea etxe museoan ireki dute aurten ere, Aialde kaleko 4. zenbakian, herri-gune historikoaren biho-tzean, eta udaletxetik oso gertu. Abuztuaren 31ra bitarte zerbitzua emango du egunero eta 9.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 19.00etara bitarteko ordutegia izango du.

Udalerriko eta eskualdeko baliabide turistikoei, gastronomiari, kultura-ondareari eta naturari lotutako informazioa emateaz gain, doako bisita gidatu zerbitzua eskainiko da etxe museoa bisitatu ahal izateko. Arizmendienea Jauretxea XVIII. eta XIX. mendeko Gipuzkoako klase altuko familien bizimoduaren adibide bat da; izan ere, lehenengo eta bigarren solairuetan garaiko ia elementu guztiak kontserbatzen dira.

Honela, XVIII. mendeko etxe hau bisitatzeko doako bisita gidatuak eskainiko dira abuztuko ostiral, larunbat eta igandeetan ondorengo ordutegian: ostiraletan 12.00etan euskaraz, gazteleraz edo frantsesez, eta larunbat eta igandeetan 10.00etan eta 12.00etan euskaraz eta 11.00etan eta 13.00etan gazteleraz. Erreserbak aldez aurretik egitea beharrezkoa izango da.

Bisita gidatuetarako erreserbak Oiartzungo turismo bulegoan bertan, 943 508 913 telefonoan edo turismoaoiartzun@oarsoaldea.eus helbidera idatziz lotu daitezke.

Bestetik, Errenteriako San Marko gotorlekuko informazio puntua asteazkenetik igandera, 10.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 18.00etara bitarte zabalik egongo da. Egutegi eta ordutegi honen barruan doako bisita gidatuak eskaintzen dira eta museoa eta Aizpitarte bidegurutzean erakusketa modu librean bisitatzeko aukera izango da ere.

Pasaiako (Donibaneko kulturgunean, Bizkaia plazan) eta Errenteriako (Madalena, 3, udaletxetik oso gertu) turismo bulegoek ere ordutegia luzatu dute abuztuaren 31ra bitarte irekiko baitira egunero 9.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 19.00etara. – A. Muga

2022-08-01T07:43:02+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo